Zaldiak ditu, eta zaldian ibiltzeaz gain, kalesan ibilaldiak antolatzen ditu Hiriberrin.
1. Txikitatik maite omen dituzu animaliak.
Bai, izugarri. Txikitan nire ametsa albaitari izatea zen. Gurasoek abeletxea dute, eta beti izan ditugu abereak, poniak tartean. Baina poniek izaera bizia dute: batek ostikoa, beste batek hozka…Azkenean, gurasoek kendu egin zituzten. Aitonak ere zaldiak izan zituen, eta nik uste dut hori odolean eramaten dela.
2. Noiz hasi zinen zaldian ibiltzen?
Jaunartzea egitean, gurasoek Zolinako hipikara eraman ninduten, anai-arrebekin batera, hipika klaseak hartzera. Niri mundua zabaldu zitzaidan, nire anaia-arrebei, ordea, ez zitzaien gehiegi gustatu. Ama zoratuta ibiltzen zen ordutegiekin, eta klaseak utzi genituen. Nik hipikara joan nahi nuela esaten nien behin eta berriz; eta aitak, kokoteraino, DBHko 1. mailako ikasketak ongi ateratzen banituen, zaldi bat erosiko zidala zin egin zidan. Inoiz baino gehiago ikasi nuen. Guztia bikain gainditu, eta behor bat eta zaldi bat erosi zituen aitak. Zaldiak minbizia zuen, eta handik gutxira hil zen. Behorrari Azafran izena jarri nion. Azafran ernari zegoen erosi genuenean, eta, handik gutxira, behoka jaio zen. Gretel izena jarri nion, Zolinan Hansel izeneko zaldi batekin ikasi nuelako zaldian ibiltzen. Egun, bi behor horiekin ibiltzen naiz. Zaldiei buruz gehien irakatsi didana Azafran izan da; mundu honek guztiz harrapatu nau.
3. Ikasketak ere zaldien mundura bideratu dituzu?
Erdi Mailako Administrazioko ikasketak egiten hasi nintzen, baina ez nuen guztiz gustuko. Amak gomendatu zidan, ikasketa horiekin batera, gustuko beste zerbait egiteko. Zaldien psikologia terapeutikoa eta zaldi albaitari laguntzaile tekniko gradu bikoitza egin nuen. Bere garaian, zaldien seinaleak interpretatzen ikasteko klaseak eman nizkien haurrei. Zaldiek nola “hitz egiten” duten irakasten nien. Oso garrantzitsua da zaldiak adierazten dituen seinaleak ongi interpretatzea, zaldia ulertzea, finean. Horrekin batera, zaldia nola prestatu eta zaldian nola ibili behar den, gutxieneko batzuk, azaltzen nizkien. Egun, Arbizuko Agotzainan lan egiten dut, harreran. Aldi berean, nire zaletasunaz gozatzen dut, zaldi kalesan ibilbide turistikoak gidatzen ditut, eta paseoak egiten ditut.
4. Zaldiz ibiltzetik, kalesa batean paseoak egitera. Nola eman zenuen salto hori?
Zaldiz ibiltzen hasi nintzenetik, zaldi frisiar bat izatea zen nire ametsa. Zaldi bat ekartzea ari ginen aztertzen etxean. Aitari zaldi frisiar baten argazkia erakutsi nion, eta esan zuen arraza hori begiratuko genuela. Errioxako gazte batzuek espainiar arrazako zaldiak eramaten dituzte Holandara, eta handik zaldi frisiarrak ekartzen dituzte. Eurengana jo genuen, eta handik tarte batera, esan ziguten moxal frisiar batzuk ekarri zituztela. Ikustera joan, eta haietako zaldiko bat erosi zuen aitak, 2016an. Ahizpak Morey izena jarri zion, telesail batengatik. Frisiarrak gurdi-zaldiak dira, baina, aldi berean, zela-abereak, hau da, zaldi gainean ibil daiteke. Geroago, kalesa erosi genuen. Ez dakit konkretuki zein momentutan erabaki genuen erostea.
5. Non erosi zenuten kalesa edo zaldi-gurdia?
Sevillatik ekarri genuen. Morey trebatu gabe erosi genuen; 2 urterekin bere gainean ibiltzeko oso gaztea zen artean, baina gurdi-zaldira lotzeko adina bazuen. Morey trebatu zuenak kudeatu zigun kalesaren erosketa. Zaldi-gurdia eta zaldi-gurdia lotzeko beharrezko lanabes guztiak ekarri zizkigun, eta ni Logroñoko Larderora joan nintzen, zaldi-gurdia lotzeko tekniken ikastaroa jasotzera.
6. Zaila da zaldia kalesara lotzea?
Badu berea. Zaldiari beharrezko lanabesa guztiak jarri behar zaizkio, eta ongi. Lehendabiziko aldiz zaldia lotu nuenean pentsatu nuen: “non sartu naizen…”. Ordu eta erdi eman nuen guztia jartzen. Egun 10 minutu pasatxotan egiten dut. Zerbait gaizki lotuz gero, martxan zaudenean aska daiteke, eta sekulakoa gertatu.
7. Hasieran, etxekoen eta lagunen gozamenerako ibiliko zineten zaldi kalesan. Noiz eman zenuen kalesan paseoak eskaintzeko saltoa?
2018an, Lakuntzako azokan. Etxekoak eta lagunak oso gustura ibiltzen ginen kalesan. Gure arteko kontua zen; hala ere, kalesa erakusteko gogoa nuen. Aurretik, ezkontzaren batera joateko deitu ninduten, ezkonberriak kalesan eramateko eta familiakoei paseotxo batzuk egiteko. Jendeak kalesako paseoak oso gustuko zituela ikusita, Lakuntzako Udalera deitu nuen, azokara joan ahal nintzen galdetzera. Baiezkoa eman zidaten, eta han estreinatu nintzen. Aitaren urtebetetzea zen, eta kalesak izan zuen harrera beroa ikusita, hori baino opari hoberik ezin izan nion egin. Haurrek eta kalesara igo ziren guztiek nola gozatu zuten ikusteak izugarri poztu ninduen. Ongi egindako lanaren sentipena izan nuen.
8.Hortaz, norbaitek kalesan igo eta paseo bat eman nahi badu, zer egin behar du?
Nirekin harremanetan jarri, eta hitzordua lotuko dugu. Ekitaldi berezi bat ez bada –esaterako, Irurtzungo ihoteetan ijitoen ezkontzaz mozorrotu zen koadrila bat, eta kalesa eramateko kontratatu ninduten–, Hiriberrin egiten diet harrera, etxean. Zaldia kalesara lotu, kalesara igo, eta abiatzen gara. Ordu eta ordu erdiko paseoa izaten da.
9. Zer nolako paseoa da?
Hiriberritik Ihabar aldera abiatzen gara, eta gero Aralarren barneratzen gara. Paseo ikusgarria da, mendiz inguratuta gaudelako. Mendiko koloreak ikustea zoragarria da; eguzkiak laguntzen badu, are gehiago. Paisaiak izugarri laguntzen du, Sakana oso ederra delako. Jendeari asko gustatzen zaio, ez delako ohiko esperientzia bat. Asko erlaxatzen dira. Duela gutxi, Hiriberriko batek urteak bete zituen, eta buelta bat eman nion. Esan zidan ea nolatan ez genuen lehenago halako paseoa egin, ikaragarri gustatu zitzaiola. Eta lagunekin edo familiartean egiten baduzu, are gehiago. Jendea pozik geratzen da, eta gustura egon direla ikusteak asetzen nau.
10. Nongoak dira bezeroak?
Sakanakoak, Iruñekoak, Bartzelonakoak… denetatik, baina ingurukoak gehiago. Urtebetetze opari bat dela, esperientzia bizi nahi dutela… denetatik.
11. Zaldiez disfrutatzen jarraitzeko asmotan?
Jakina! Zaldiz ibiltzen disfrutatzen dut; eta kalesan ibiltzen, zer esanik ez. Gogotsu nago, ilusioz gainezka, paseoak ematera etortzen direnak gozatzen ikusten ditudalako. Ea zer moduz doan dena! Altsasuko ferietara joan nahi nuke, ferietako giroa eta saltsa oso gustuko dudalako. Baina horretarako itxaron beharko dugu.