Zorionak Imanol! A ze Tourra egin duzun zuk eta zure taldeak, Movistar Team-ek.
Eskerrik asko. Egoera dela eta, taldeko aldaketak zirela, ezjakintasun handia zegoen, baina azkenean Tour polita atera da. Beraz, kontentu gaude.
Larunbateko erlojupekoan gertatu zena espero zenuten? Roglic (Jumbo) eta Pogacar (UAE Emirates) eslobeniarren lehia ikusgarria izan da, baina Pogacarrek erlojupekoan lortutakoa, ia sinestezina. Sekulako fenomenoa da...
Erlojupekoa estu zegoen; dena den, ez zirudien gertatu zena gertatuko zenik. Baina kirolean batzuetan sorpresak gertatzen dira. Nolanahi ere, Pogacarrek egindakoa, erlojupekoan Roglici halako aldea ateratzea eta Tourra irabaztea, txiribuelta oso handia izan zen. Hemendik urte askora gogoratuko da, 1989an Lemondek Fignoni 8 segundoren aldearekin Tourra erlojupekoan irabazi ziola oraindik gogoratzen den bezala. Eta bai, Pogacar fenomeno hutsa da. Horren gaztea izateko halako maila izatea, eta munduko lasterketarik gogorrena hala errematatzea… sinestezina. Nik uste dut txapeldun handi bat izango dela; hori argi ikusi genuen aurreko urteko Vueltan hirugarrena sailkatu zenean.
Tourra hasi baino lehen, Jose Luis Arrieta entrenatzaileak esan zuen aurtengo helburuak bestelakoak zirela: Enric Mas lider gazteari ardura ematea, etorkizunerako esperientzia har zezan, eta ahal izanez gero Top-Tenean sailkatzea. Hortaz, helburuak beteta baino gaindituta itzuli zarete, kontuan hartuta Enric Mas sailkapen orokorrean 5. postuan sailkatu dela eta Movistar Teamek Tourreko talderik onenaren saria irabazi duzuela.
Oso pozik gaude; urte hau aldaketa handien urtea zen gure taldearendako: lider berriak, gazteak, beste helburu batzuk…, eta hortaz, ez genekien, zehazki, non kokatu behar ginen. Bestetik, Tourra baino lehen jokatutako lasterketak ez zitzaizkigun oso ongi atera, eta zaila egiten zitzaigun Tourrerako helburu argi batzuk zehaztea ere. Baina lan eginez, arriskuak eta arazoak gainditzen joan gara eta, azkenean, Tourreko saltsan murgildu gara. Tourra oso emankorra izan da taldearendako, baita Enric Mas liderrarendako ere, berak konfiantza hartzeko eta lasterketaren alderdi guztietan trebatzeko, baita lasterketan aritzeko mekanismoei dagokienean ere. Izan ere, urte asko daramatzazun txirrindulariekin berehala ulertzen duzu elkar, baina aurten ezin izan dugu lasterketa askotan aritu, eta mekanismo horiek ez genituen behar bezala automatizatuak. Horretarako oso ongi etorri zaigu Tour hau, eta uste dut bide horretan hobetu egin dugula. Urte berezi honetan guztia behar bezala lotu eta kateatu dela ikustea pozgarria da.
Imanol, urtea lesionatuta hasi zenuen. Arrietaren esanetan “urte honetako zorigaitzen kopurua” bete zenuen.
Bai (kar, kar…). Urte arraroa izaten ari da hau. Urte hasieran lesio bat izan nuen eta ezin izan nintzen orduko lasterketetan aritu, osatzen ari nintzenean konfinamendua iritsi zen… Batzuetan horrela sentitzen zarenean, zalantzati, horrek gehiago ematera bulkatzen zaitu, ezta?
COVID-19 birusari aurre egiteko burbuila batean sartuta egon zarete Tourrean parte hartu duzuen taldeak, tourretik kanpoko jendearekin eta zuen senitartekoekin ere harreman zuzenik izan gabe. Oso gogorra izango da hori, ezta?
Bai. Duela 3 hilabetetik egun gutxi eman ditugu etxean, 10 egun inguru, eta egun solteak, binaka hartuta. Pentsa, azken sei astetan etxetik kanpo egon gara, Tourraren aurretik kontzentrazio bat egin baikenuen. Estres handiagoko urtea izan da hau. Seme-alabek esan zidaten Parisen hegazkina ez galtzeko inola ere…
Espainiako Vueltan aritzekoa zara. Ordura arte normal egongo zarete etxean, hala beste nolabaiteko burbuila batean zainduko duzue zuen burua?
Aurtengo helburu nagusia Tourra zen; horretarako sekulako esfortzua egin dugu. Vueltarako behar bezala errekuperatzen utzi beharko digute, bestela ezingo dugu behar bezala errenditu. Ziurrenik Vuelta hasi baino zertxobait lehenago kontzentratu beharko gara, ez dakit noiz eta nahiago dut momentuz ez jakitea.
Hortaz, atzo Imolan hasi ziren Mundialetan Espainiako Selekzioarekin aritzeko deitu ez izana ongi etorri zaizula esan daiteke.
Gorka Izagirre eta biok geunden aurre zerrendan, baina Mundialetatik libratu izanagatik kasik kontentu nagoela aitortzen dizut. Urte berezia da hau, pandemiak guztiz baldintzatutakoa, eta gure taldeak ere nahiago zuen gu ez joatea. Mundialean dabiltzanak Parisetik joan ziren zuzenean Italiara, birusaren aurrean burbuilan sartuta jarraitzeko eta PCR-en kontuengatik.
PCR probak egitea horren desatsegina da?
Beno, tokatzen zaizunaren arabera, baina bai. Sudur ederra dugunondako gaitzerdi, baina deskuido batean malkotan hasten zara. Barruraino sartzen dute makiltxoa, eta han barruan makila eragin… Egia esan, PCR-ak eta ohiko analisiak direla, muturreraino kontrolatuta gaude.
COVID-19 dela eta, zer egin zaizu arraroena edo desberdinena?
Maskararen kontua pisutsua egiten da. Mitikoak diren portuak hutsik ikustea ere oso arraroa egiten da.
Pirinioetako etapetan jende asko zegoen.
Pirinioetan egon zen jende gehien; girorik onena egon zen bertan, eta nabarmentzekoa da ikusleek maskara janzteko neurriak, segurtasun neurriak, Pirinioetan bete zituztela egokienen. Pirinioetako ikusleen %90 maskara jantzita zuen, beste toki batzuetan ez bezala. Hori ongi egon zen, eta atzerriko jendeak ere aipatu zuen.
Hiriberriko koadrilakoak urtero joaten dira Pirinioetara zu animatzera.
Bai, Belagua ondotik pasatu zen etapan egon ziren, Ilzarbeko portutik pasatu zen etapan. Jende asko zegoen, lainoa, tarteko portua zen… ia ez nituen ikusi. Normalean ikusten ditut, beti ere lasterketaren unearen arabera; gutxi gorabehera badakit non egoten diren eta adi egoten saiatzen naiz.
Zure jendea zu animatzen ikustearekin gora egingo duzu.
Poza ematen du, Pirinioetan aritzeak bezala. Horrek beti egiten dio ongi gorputzari. Beste batzuetan etapa bukatutakoan hotelera bisitatzera hurbildu izan dira, baina aurten ezinezkoa zen.
Tropeleko talde gizon preziatuenetakoa zara, edozein liderrek alboan nahiko lukeen ezkutari fidela. Eta, hala ere, zure taldekideek eta lagunek diote gizon umila zarela, eskuzabala, jatorra eta pertsona ona. Zure taldeak Twitterren bideo bat jarri zuen, zu autobusetik atera eta irteera bidean zeundela, talde guztietako teknikarien eta langileen agurrak jasotzen, zuganako duten estimuaren erakusgarri. Kariño hori nabarituko duzu, ezta?
Bai, estimu hori sentitzen dut, eta hori da gehien betetzen nauena. Taldekideekin harreman ona izatea, euren estimua izatea eta elkarrekin gustura egoteak lana asko errazten du. Urteekin gauza horiek irabazten dituzu. Lagun asko ditut, baita egun beste taldeetan dabiltzanak: Gorka eta Ion Izagirre, Mikel Landa, Andrey Amador, Nairo Quintana… polita da tropelean eurekin elkartzea eta gustura hitz egitea. Kirol honen alde ederra da hau.
Jose Luis Arrietak aitortu zigun zurekin beste txirrindulari batzuekin baino harreman bereziagoa duela, elkarrekin asko bizi eta konpartitu duzuelako. Taldekideak izan zineten, kirol zuzendari ondoren…
Jose Luis Arrietak txirrindulari egin ninduen, zer esango dizut! Beretik ikasi nuen. Arrirekin gustura egiten da lan.
Aurtengo Tourrean, aurrekoetan bezala, Valverde izan duzu logelako kide?
Bai. Harreman handia dugu, urte asko dira. Sekulako profesionala da; 40 urte ditu eta ia ez zaio adina nabaritzen, dena ematen duelako.
15 urte daramatzazu txirrindulari profesional gisa, guztiak talde berdinean. Izanen zenituen beste taldeetara joateko eskaintzak. Inoiz Movistar Team taldea uzteko tentazioa izan duzu?
Batzuetan eskaintzak iritsi zaizkit; aztertu, baloratu eta taldean jarraitzeko erabakia hartu izan dut beti. Eta pozik nago taldean jarraitu izanagatik.
2021eko abendura bitarteko kontratua duzu Movistar Team taldearekin. Heldu den urtean, atzera ere, erabakiren bat hartu beharko duzu.
Bai, joko horretan murgildu beharko gara berriz.
Urriaren 20an hasiko da Espainiako Vuelta, Irunen. Zeintzuk dira helburuak? Enric Mas izango da zuen liderra, ezta?
Lehenik eta behin ikusi beharko da ea Vuelta jokatu daitekeen, pandemia dela eta. Gure liderra Enric izango da; Tourrean erakutsi duen mailarekin, ziurrenik Vueltarako hautagaietako bat izanen dela, eta hari laguntzen murgilduko gara buru belarri.
Bigarren etapa, urriaren 21ekoa, etxean jokatuko da. Urbasatik Sakanara jaitsi, Sakana zeharkatu eta Uharte Arakildik Aralar igoko duzue, etapa Lekunberrin bukatzeko. Etxean jokatzeak gehiago motibatzen du?
Motibatzen du, bai. Ia-ia ardura bilakatzen da (kar, kar…). Etxean, ez naiz galduko.
Vuelta iritsi bitartean, indarrak berreskuratzea dagokizue.
Orain garrantzitsuena Vueltara ongi iristea da. Horretarako orain atseden hartzea da ezinbestekoena, Tourreko lehiaketaren tentsioa askatzea. Egun batzuk lasai egon eta ongi errekuperatu. Horrek emango digu hobekuntzarik onena, lasaitasunak. Tourrean sasoitsu ibili naiz, ongi despeditu dut itzulia, baina urte arraroa da hau; begira, une oro kontu berdinera itzultzen gara. Pentsa, sasoi honetan Vuelta despeditzear egongo zen, eta aurten, oraindik lan erdiak ditugu egiteko. Eta heldu den urteko denboraldia beti bezala hasiko da, ilbeltzean, Australian.
Orain arte zein liderrekin izan duzu harremanik onena?
Guztiekin izan dut harreman ona. Ongi konpontzen naiz beraiekin; zu beraiek laguntzen saiatzen zara, eta esker onekoak izaten dira. Finean, taldekideak dira, eta zuk norbait laguntzen baduzu, eskertzen dizu. Baina denbora gehien Alejandro Valverderekin daramat, eta horrenbeste urteren poderioz, taldekide izateaz gain, laguna ere bada.
Hiriberrira askotan joaten zara?
Gurasoak bat Hiriberrikoa da eta bestea Irurtzun ondoko Larunbe herrikoa. Asteburu guztiak eta uda eta opor guztiak Hiriberrin pasa izan ditut eta oso gustuko dut.
Txirrindularitza denboraldia bukatzerakoan bertako lagunekin bazkaria egiten omen duzue Txitera elkartean.
Bai, ahal bezain pronto antolatu beharko dugu bazkaria; ohitura onak ez dira sekula galdu behar.
Konfinatzen bagaituzte Hiriberrin ikusten zaitut.
Zalantzarik gabe; guztia itxiko balitz egingo nukeen lehen gauza Hiriberrira joatea litzateke. Herri txiki batean beste askatasun bat duzu.