Alfonso Nuin Cartujo

"Gure arazorik handiena kopurua da"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mar. 31a, 12:46

Alfonso Nuin Cartujo landa etxe bateko jabea eta Bidelagun elkarteko lehendakaria.

Bihar udaberriko oporrak hasiko dira. Alfonso Nuin Cartujo Hiriberri Arakilgo Casa Martinberikako jabea da, eta Bidelagun turismo elkarteko presidentea

Urte oso zaila izan da turismo arloko langileendako.

1. Zein egoeratan zaudete?
Landa etxea irekita dugu, baina neurriak direla eta jendea ez dator. Iaz oso txarra izan zen ere, noski. Baina aurten ia okerrago. Aurreko udan beti bezala beteta egon zen. Baina gero udazkenean erreserba pila bat nituen, neurriak aldatu zuten eta elkartu zitekeen jendearen kopurua jaitsi, eta erreserba guztiak pikutara joan ziren.

2. Pertsona kopurua da zuen arazorik handiena?
Etxean hamabi pertsona sartzen dira, eta indarrean dauden neurriekin gaur egun ezin dira egon. Gure arazorik handiena kopurua da. Etxea irekita dago, baina etxe txiki asko daude eta hona sei pertsona etortzeko garestia egiten zaie, noski. Nahiz eta hainbeste ez izan. Arakilgo Udalaren bidez deskontu bat egin dezakegu. Gure egoera ezagutu nahi izan zuten eta laguntzeko deskontu hori atera zuten. Abenduan ere ongi lan egin genuen, berriz kopurua jaitsi zuten arte. Nituen erreserbak berriz bertan behera gelditu ziren.

3. Zer nolako jendea etortzen da? Nondik datoz?
Normalean familiak eta lagun kuadrillak izaten dira: bikoteak seme-alabekin; aiton-amonak, seme-alaba eta bilobak… Asteburuetan inguruko herrialdekoak: Gipuzkoa, Bizkaitik jende asko etorri da eta Nafarroatik. Iruñetik ere jendea asko etortzen da. Udan Mediterraneo aldetik, Kataluniatik, Madrildik, Andaluziatik… Gutxienez aste bat pasatzera etortzen dira.

4. Beraz, herrialdearen itxierak ere eragiten dizue.
Arazo handiena kopurua da. Ez dakit besteak nola ari diren lan egiten, baina gure arazoa kopurua da. Bestela, Nafarroatik talderen bat etorrik litzateke. Hamar pertsona elkartzeko aukera balitz, errazago izango litzateke. Noski, Nafarroan etxe pila bat daude eta hori ere kontuan izan behar da. Baina sei pertsonako kopuru hori mantentzen bada, guk ez dugu ezer egitekorik. Egia da ere herrialdea itxita egoteak ere eragiten digula inguruko jende asko etortzen delako. Dena da. Gainera, egun batetik bestera aldatzen dituzte, eta jendeak zerbait hartzeko beldurra du. Ez dakite zenbat denborarekin hartu, berehala dena aldatzen dutelako.

5. Datorren astean udaberriko oporrak dira. Nola datoz?
Bada kasualitatez erreserba bat dut. Sei pertsona etorriko dira. Normalean web orritik hartzen dituzte erreserbak, askotan nirekin hitz egin gabe, eta ez dakit nongoak diren ere. Gainera, beste talde batek deitu zidan egun berean. Urte normal batean opor horiek daude hartuta ez dakit zenbat hilabete aurretik. Nahiz eta beteta dagoela ikusi jendeak deitzen jarraitzen zuen. Baina aurten… Urte normal batean ere asteburu ia guztiak beteta ditut urtean zehar. Orain ez dago dei bakar bat ere. Udan seguruenik neurriak aldatzen badituzte beteta egongo da.

6. Zer bilatzen du jendeak?
Hona etortzen direnak etxean egon. Lasaitasuna. Elkartzeko leku bat nahi dute, elkarrekin asteburu bat pasatzeko toki bat. Talde handiak izan ohi dira, eta hori nahi dute. Eskaintzen badiezu esperientziaren bat agian egingo dute, baina normalean lasai egon nahi dute.

7. Nola aldatu da zure lana?
Nafarroako Gobernutik dena ongi garbitzeko produktu zerrenda luze bat bidali zigun eta hori erabiltzen dut. Udan batez erabili nuen, noski.

8. Uda ona izan zen, beraz. Aurtengoa horrela aurreikusten duzue?
Ekainean hasi ginen eta irailera arte lanean egon ginen. Urrian neurriak aldatu zituzten eta elkartzeko kopurua jaitsi zutenez irailean asteburu pare bat jendea egon zen eta gero berriz dena pikutara joan zen. Nire ustez, gaizki egiten ari gara. Bi hilabetez lan egin eta hiru itxi. Ez itxita, baina itxita egongo balitz bezala. Abenduan berriz pixka bat lan egin genuen, eta ondoren berriz lau hilabete daramatzagu lan egin gabe.

9. Hobe dena itxi aurrerago ireki ahal izateko?
Nire kasuan, bai. Argi daukat. Iaz udan oso ongi egin genuen lan. Baina gero zer etorri da? Irailetik lan egin gabe ia. Irailetik gaur egun arte gehienez hilabete lan egin dugu. Ez dakit zer gertatuko den, eta hori da okerrena. Ez dakigula noiz arte egongo garen horrela. Udazkenean ondo eta normal lane gin genezakeela jakingo banu, udazkenera arte utziko nuke ezer egin gabe. Nik, bai. Ez ibiltzea orain oporrak bai, eta gero dena itxi behar izatea. Horrekin eta udazkenerako jendea asko txertoa jasoko duela… Pixkanaka errazagoa izango dela pentsatu nahi dut. Baina beldurra dut. Iaz bezala ekainean dena irekitzen badugu eta uda oso ona bada ere, gero itxi behar badugu… Bestela egongo gara horrela beti. Ireki-itxi.

10. Dirulaguntzak jaso dituzue?
Ni haserre nengoen ez dugulako ezer izan. Orain berriak atera dira eta gutxienez bertan gu sartuta gaude. Laguntza bada. Baina ez nuen itxaropenik. Bilera pila bat izan ditugu. Azkenean zerbait lortu dugu. Zure lan bakarra edo lehenengoa izan behar du. Gutxi gaude honetaz lan egiten dugunok Sakanan. Hau nire lana da. Duela 12 urte ireki nuen. Profesionalizatu naiz eta ikastaro asko egin ditut. Leku guztietan sartuta nago: Bidelagun elkarteko lehendakaria naiz, Plazaolan nago…

11. Zer eskaintzen du Sakanak?
Sakana niretzat… Turismoaren egoera Garapen Agentziarekin aldatu zen. Aurretik hemen ez zegoen ezer. Hasieran Iker Manterolak egiten zituen lan guztiak eta gero teknikari bat etorri zen. Teknikaria izatea aldaketa izugarria izan zen. Proiektu oso politak daude. Santiago bidea, dagoeneko jendea pasatzen ikusten dudala, nik uste arrakastatsua izango dela. Ezin dugu bestearekin alderatu, baina jendea etorriko da. Bernoako galtzada dago ere, eta GR-ak ditugu ere. Zamartzen proiektu bat egin nahi dute ere. Jendeak ez du ezagutzen. Bisitak egiteko ere Forjas Brun eta Albi gaztak… Gauza pila bat daude.