Kontzejuko kontuak onartuta

Guaixe 2021ko mai. 5a, 09:58

Hiriberri Arakilgo kontzeju-etxea.

Herriaren etxean aurreikusi dira lanak. Hiriberriarrek auzolanean lan ugari aurrera ateratzen dituzte.

Hiriberri Arakilgo Kontzejuaren aurtengo aurrekontua 24.905 eurokoa da. Haietatik inbertsioetara 11.211,47 euro bideratzea aurreikusi dutela azaldu du kontzejuko presidente Javier Arrieta Anizek. Baina zubia konpontzeko dirulaguntza jasotzen duten edo ez, horren arabera erabakiko dute zer egin. Izan ere, kontzeju-etxean egiteko zenbait lan aurreikusiak dituzte. “Barrutik dena eginda dago. Atzeko aldean dugun biltegiko atea aldatu nahi dugu eta eraikina kanpotik txukundu, pintatu”. 

Kontzejua bi bidetatik finantzatzen da. Nafarroako Gobernuaren Tokiko Ogasunen Funtsetik 15.000 bat euro jasotzen ditu urtero. Eta, bestetik, Arakilgo Udalak emandako dirua ere. Udalak kontzeju etxean erabilera anitzeko gela egokitu zuenez, joan den urtera arte bere dirulaguntzarik ez zuen jaso kontzejuak, “baina hura berdinduta, aurten jasoko dugu”, azaldu du Arrietak. Udalaren beste laguntza bat ere baliatzen dute, langabezian dauden langileen kontratazioak. “Bizpahiru lan egiteko proposamena bidaltzen diogu udalari. Eta kontratatutako langileen prestakuntzaren arabera, egiten dira”. Kontzejuko presidenteak gogoratu duenez, “krisi garaian langabezian zeuden kisusgileak hartu zituen udalak eta hainbat obra egin ziren. Orain, halakorik ez dago”. 

Bitartean, Hiriberri Arakilen egin beharreko lanak auzolanean egiten dituztela jakinarazi du Arrietak. “Ordenantza onartu genuen eta urtero hamar auzolan deitzen ditugu. Etxe bakoitzetik 18 eta 55 urte bitarteko pertsona bat joan behar du eta urtean bost auzolan egin behar dira. Bestela, 40 euro pagatu behar dira”. Auzolanak larunbatetan egiten dituzte, 08:00etatik 14:00etara. “Auzolanek funtzionatzen dute eta gauza ugari egiten ditugu”.