Herritik iparraldera 150 metrora dago Arakil ubelde gainetik pasatzen den zubia. Bi arku dituen harrizko zubia da. Eta eraikuntza beharrean pertsona bat balitz, larri zaurituta dagoela esanen genuke. Hala ondorioztatu zuen Hiriberri Arakilgo Kontzejuak agindutako ikerketak. Izan ere, arkuetako batean harriak falta dira, zartatu handi bat du. Ondorioz, erortzeko aukerak ditu zubiak. Horren jakitun, kontzejuak zubitik pasatzeko bi muga jarri ditu: gehienez ere 10 tona arteko ibilgailuak pasa daitezke eta gehienezko abiadura 20 kilometro orduko baino gehiago ezin da izan. Kontzejuko buru Javier Arrieta Anizek azaldu duenez, “zubia soro eta larre batzuetara eta basora joateko bide bakarra da”.
Arrietak azaldu duenez, “zubiaren egoeraren azterketa egiten kontzejuak 15.000 euro inbertitu zituen. Baina konponketa ezin dugu guk egin. Gutxi gorabehera 200.000 euroko aurrekontua du, eta, esaterako, kontzejuaren aurtengo aurrekontua 25.000 euro ingurukoa da”. Horregatik, Nafarroako Gobernuak toki azpiegiturak berritu edo egokitzeko dirulaguntza noiz aterako zain daude kontzejuan, zubia konpontzeko proiektua aurkezteko.