Txirrindularitza

Irabaztetik hain gertu egoteak min ematen duenean

Guaixe 2021ko uzt. 9a, 10:24
Imanol Erbiti, atzo, helmugan. Argazkia: BettiniPhoto-Movistar Team.

Imanol Erbiti bigarren izan zen atzo Nimesen despeditu zen Tourreko etapan. Ihesaldi nagusian sartu zen, baina Nils Polittek ihes egin zion

Horren gertu izanda, ze pena. Hori da atzo Nimesen despeditu zen Tourreko 12. etapan Imanol Erbiti (Movistar Team) bigarren sartzen ikusi genuenean sakandarrek sentitu genuena. Izan ere, Hiriberriko beteranoak dena eman zuen urrezko garaipena litzatekeena lortzeko, baina ezinezkoa izan zen, Nils Polittek (Bora) erasoa jo, Erbitik hura ezin jarraitu eta alemaniarra helmugara haren aurretik sartu baitzen. 

Ihesaldian ‘nahi gabe’ sartu zen
Atzokoa 159,4 kilometroko etapa laua zen, soilik 3. mailako Côte du belvédère de Tharaux gaina zuena. Haizea izan zen etapako protagonista, makina bat buruhauste sortu eta haize-babesen tropela hamaika taldetxotan banatu zuena. Nahasmen horretan, Imanol Erbitik eguneko ihesaldian sartzea lortu zuen, beste 11 txirrindularirekin, Alaphilippe (Deneuninck), Greipel (Israel) eta Politt (UAE) tartean. Hiriberrikoak beranduago aitortu zuenez, “ihesaldian nahi gabe sartu nintzen, Enric Mas babestearren”. Taldeak aurrera egin zuen eta, atzean, Pogacar liderraren UAE taldeak tropel nagusia kontrolatu zuen. Ihes egindakoak elkarren artean ongi ulertu zuten, guztiek egin zuten lana, eta aurrera egin zuten. Erbiti bikain aritu zen. 

Polittek erasoa jo zuen, nahasmena sortu zen eta, azkenean Politt, Küng, Sweeny eta Erbiti txirrindulariak geratu ziren aurrean eta euren artean jokatu zen garaipena. Bat-batean Polittek eraso egin zuen, Sweenyk eta Erbitik elkarri begiratu zioten, eta tarte hori nahikoa izan zuen Politt alemaniarrak beste biak ustekabean hartu eta ziztu bizian aurrera egiteko. Horrela, Polittek garaipen garrantzitsua lortu zuen (3:22:12) eta Imanol Erbiti bigarren sailkatu zen, 31 segundora. 

Jaurtiketa ‘zutoinera’
Imanol Erbitik aitortu zuen etapa garaipenetik horren gertu gelditzeak nolabaiteko azkura sortu ziola. “Guztia eman dut eta kontentu nago, baina aldi berean triste, jaurtiketak zutoinean jo duelako”. Hiriberrikorendako aurtengoa bere 12. Tourra da, eta zalantzarik gabe etapa garaipen bat merezi du, bere ibilbide guztia sarituko lukeena. “Talde gizona naiz, eta guretako Tour bateko etapa bategatik borrokatzea ez da egunero gertatzen den zerbait. Ihesaldian nahi gabe sartu naiz, Enric Mas babesten ari nintzelako, baina horrela gertatu da. Une batean ihesaldia utzi eta Enric itxarotea pasa zait burutik, hura haize-babesetatik babesteko, baina azkenean ihesaldian bukaeraraino egin dut aurrera. Politt indartsuena izan da. Etapa polita izan da, eta nahiz eta horren gertu geratzeak azkura sortu, hemendik aurrera talderako lan egiten jarraituko dut, hori baita nire lana” aitortu zuen. 

Gaur, Nimesen hasi eta Carcassonnen despedituko den 219 kilometroko etapa dute txirrindulariek, esprinterrendako aproposa, Pirinio gogorren bezperan.