Astekaria

"Konpostari balio erantsia eman behar diote"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko uzt. 14a, 14:32
Juan Jose Armendariz hiriberriarra baratzan.

Juan Jose Armendariz hiriberriarrak hiru hamarkada baino gehiago daramatza konpostaren inguruan hausnartzen.

Pili Irigoienekin batera, Sakanako Mankomunitateko ehungarren konpost tona hartu zuen

1. Sakanako Mankomunitateko ehungarren konpost tona hartu zenuten.
Gu hara etxerako konposta jasotzera joan ginen, eta ez genekien ezer. Hartu genuen, eta egun hartan horrekin topo egin genuen.

2. Noiztik egiten duzue konposta?
Duela 30 urte baino gehiagotik. Beste etxean ere egiten genuen, baina garai hartan zizareekin. Nork berea egiten zuen.

3. Nolakoa zen prozesua?
Nork bere egiten zuen. Hondakin organikoa bota eta gero, fermentatzen zenean, zizareak sartzen ziren. Orain, hemen, zizareak ez dira ikusten, baina konpostaje instalazio horietan bai. Askotan. Soluzio hori ona da. Organikoaren arazo handiena da hondakin piloa egiten den momentua. Handia denean, fermentatzean, gasak eta horrelakoak ateratzen dira. Pixkanaka egiten denean, fermentatu bezain pronto biltzen da eta lekuz aldatzen da. Baina, dena dela, hori soluzio integrala da.

4. Nola egiten duzue orain?
Ez da berdina neguan edo udan. Daukaguna botatzen joaten gara. Aurreko egunean hesia mozten aritu ginen, eta horrekin tapatu genuen. Bota aurretik, belarra lehortzea da egokiena. Udaran konposta bustitzen dugu. Oxigenatu ere egin behar da. Fermentatuta dagoen ikusteko, zizarearekin egin daiteke proba . Oso geldi badoa fermentatuta dago; ziztu bizian mugitzen bada ez dago fermentatuta.

5. Zenbat denbora behar da?
Urte batetik bestera egiten da konposta. Hainbat metodo daude. Badira gauza batzuk ez direnak bakarrik txikitzen. Hortaz, bota aurretik txikitu behar dira, oskolak esaterako. Sistema modernoagoak ere badira.

6. Noiztik birziklatzen duzue?
Mankomunitatean zerbitzua jarri zutenetik. Aurretik ez zegoen, eta dena edukiontzi berera botatzen genuen. Jokaera txar hori toki batzuetan mantentzen da. Gipuzkoako udal pila batekin harremana dut, eta ados ez dagoen jendea da txarrena. Dena elkarrekin botatzen dute. Oso txarra da hori. Benetan lotsagarria.

7. Kontzientzia izatea da garrantzitsuena?
Erraza da: kartoia, beira, latak eta tetra brikak. Kartoiarekin oso gaizki egiten du jendeak. Zapatu behar da. Beira pixkatxo bat garbitu behar da, plastikoak eta tetra brikak bezala. Bestela, udan beroarekin liztorrak eta abarrak egoten dira. Baita usain txarra ere. Plastikoak zapatu egin behar dira, txikitu. Zer gertatzen da? Jende oso erosoa dela. Zabortegi bat etxe ondoan izatea eskatzen dute, besterik gabe. Burua aldatu behar da, ikasi.

8. Iniziatiba asko garatzen ari dira.
Erosketak egitera joan, eta leku guztietan dago plastikoa. Bi pieza fruta erosi nahi dituzu, eta lau erosi behar dituzu, porexpan eta plastikoz bilduta. Nahiz eta dena ongi begiratu; azkenean, etxera plastiko pila batekin etortzen zara. Lotsagarria da. Kontzientzia gurea izan behar da… eta fabrikatzaileena? Beraiek ez dute ezer egin behar… Goitik hasi behar dira. Duela 35 urte, ingenieroa zen Manolo Centoia donostiarrak kontatzen zuen marka batek 18 pezeta ematen ziola botila garbi bakoitzeko. Zenbait marka ere hasi dira botila hutsak jasotzen, eta Suedian esaterako plastikozko botilak biltzeko makinak dituzte. Botila sartzen duzu, eta dirua itzultzen dizute. Plastikoaren araberakoa da ere. Oso selekzionatuta dago. Baina hemen jartzekotan, zer egingo luke jendeak? Elkarte batean egon nintzen, eta dena ongi birziklatzeko prest egon arren, ikustekoa zen: dena nahasten zuten. Barrutik atera behar da. Mankomunitakoek esan zidatenean egiten hasiko zirela eta esan nien: erakutsi behar duzue konpostaren balio erantsia.

9. Eta zein da?
Zuhaitz hazitegietarako, lorontzietarako, baratzerako… Ramon Elosegik esaten zuen gaixorik dauden pinuen konponbidea izan zitekeela ere. Gaixo daude batak bestea kutsatu duelako, baina lur horri behar dituen elikagaiak emanez gero eta berrituz gero, konpontzen da. Lurra berreskuratzeko modua da konposta. Ongarria bada, baina oso pobrea. Gatz mineralak behar ditu. Zer gauzarekin aberastu daiteke konposta? Txori kakarekin, arrautzen oskolekin, algekin… Arrautzen oskolek konpostari karea ematen diote. Txori kakak jasotzen ditugu ere. Landareak edo zuhaitzak hazten direnean, ondoan pixka bat bota. Baina oso gutxi. Produktu bikaina da konposta.

10. Zer egiten duzue konpostarekin?
Guk etxean egiten dugun konpostarekin ez dugu nahikoa, eta horregatik Sakanako Mankomunitatean hartzen dugu. Bi konpostak nahasten ditugu. Hemengo lurra oso gogorra da, eta biguntzeko erabiltzen dugu konposta.

11. Nondik datorkizu konpostarekiko interesa?
Lanagatik zabortegietan ibiltzen nintzen askotan, eta bertan ikusten nuen… Baziren batzuk oso deskontrolatuak zeudenak. Ikastaroak egin ditut, eta toki asko bisitatu ditugu. 1992an Madrilen izan nintzen ikastaro batean, eta Egiptotik, Txinatik, Danimarkatik eta abarretatik etorritako jendea izan zen. Baina ezer gutxi ikasi genuen.