Txirrindularitza

Imanol Erbitik ezker eskuan haustura du

Guaixe 2021ko urr. 5a, 12:00

Imanol Erbitiren eskua. MOVISTAR

Paris Roubaix klasikoko erorikoan ezker eskuko bi metakarpo apurtu zituen

Oraindik ere iltzatuta ditugu igandeko Paris Roubaix klasikoak utzi zituen irudi ikusgarriak: euria, lohia, ur putzuak, erorikoak, galtzadarriak, goitik behera lokaztutako txirrindulariak… denetatik izan zuen Iparraldeko Infernuak. Eta eroriko horietako baten ondorioz proba utzi behar izan zutenen artean Imanol Erbiti (Movistar Team) txirrindularia zegoen. Ezker eskuan mina hartu zuen Hiriberriko txirrindulari beteranoak, eta ezin izan zuen jarraitu. Ospitaletik pasatu behar izan zen, eta ezker eskuko bi metakarpo hautsi zitzaizkiola ikusi zuten.  

Amorrua
Imanol Erbitik Paris Roubaix klasikoko lehendabiziko mozketan sartzea lortu zuen. Hiriberrikoak azaldu duenez, txirrindulari bati katea atera zitzaion eta hura saihesteko ezkerrerantz egin zuen, irristatu egin zen, ezin izan zuen bizikleta kontrolatu eta lurrera erori zen, belardira. Baina kolpea hartu zuen eta ezker eskua hazi zitzaion eta mina zuela jabetu zen. Ezin zuela eskulekua behar bezala heldu. Eta sekulako amorrazioarekin klasikoa utzi behar zuela aitortu du. “Zailena lortuta, hau da, ihesaldian sartzea lortu eta gero, eta indartsu eta hanka pedalkadaz ongi egonda proba utzi beharrarengatik amorratu nintzen, baina… pena handia, egia esan” aitortu du Hiriberrikoak.