LED argiak auzolanean jartzen ari dira

Guaixe 2022ko mar. 10a, 13:01

Hiriberriko etxeak. ARTXIBOA

Kontzejuaren argindar kontsumoa murrizteko eta dirua aurrezteko neurria da. 

Argindarraren prezioak gora eta gora egin zuen udazkenean. Eta, ondorioz, “ohikoren kopurua hirukoizten zuen faktura bat jaso genuen. Martxa horretan elektrizitateak kontzejuaren aurrekontua janen luke”, azaldu du Javier Arrieta Anizek, Hiriberri Arakilgo kontzejuko presidenteak. Horregatik, argindar kontsumoa murriztu eta horrekin faktura txikitzeko neurria hartzea erabaki zuten kontzejuan: LED argiak jarriko dituzte ohikoen ordez. Dagoeneko argien erdiak jarri dituzte eta falta zen materiala iritsi denez, aurki despedituko dituzte egin beharrekoak. 

Arrietak jakinarazi duenez, lanek 1.300 euro inguruko aurrekontua dute. “Argiteria publikoko farolak eta kableak berriak genituenez, ez genuen dirulaguntzarik eskatu. Kontzejua da materiala ordaindu duena”. LED argiak auzolanean jartzen ari dira. Elektrizitateaz dakien herritar bat eta laguntzen dion besteren bat ari dira lana egiten, auzolanean. Hiru beharko dituzte guztia egiteko. Hiriberri Arakilen 18 eta 55 urte arteko herritar guztiek urtean bost auzolan egin behar dituzte. Kontzejuak hamar deialdi egiten ditu urtean. Auzolanak larunbatetan izaten dira, 08:00etatik 14:00etara. Auzolanera joaten ez denak 40 euro ordaindu behar ditu.