Egindako erosketarekin "oso pozik" dago.
1. Arakilgo Udaleko webgunean sartu, Arakil kirol arropa eskaintza zabala aztertu eta eskaria egiteko aukera dago. Zuk dagoeneko mustu duzu aurretik eskatutako arropa.
Bai, enkargua egin, udaletxean arropa jaso, eta astebetera, eguraldia hobetu zuenean mustu nuen.
2.Eskaintza oso zabala da, guztia erosteko tentazioa sortzen duena.
Bai, niri hori gertatu zitzaidan, guztia nuela gustuko. Baina bizikletan ibiltzen naizenez, txirrindularitza arroparen alde egin nuen eta neguko culotte luzea erosi nuen, maillot luzea, eta baita ere azpitik jartzeko mauka motzeko maillota ere. Material ona da, kalitatearen aldetik oso erosketa ona. Orain arte udan ibiltzen nintzen bizikletan, baina zaletasuna piztu zait eta neguan ibiltzeko arropa behar nuen. Beraz, Arakilgo Udalaren ekimen hau aukera paregabea izan da neguko arropa erosteko. Eta probatuta, oso pozik nago. Haizea mozteko eta babesteko, primerako materiala da eta oso gustura ibili naiz neguan.
3. Diseinu oso bizia du. Txuria, beltza, gorria eta berdea, aurrean Arakilgo armarria eta atzean Nafarroako ikurra eta Arakilgo herrien zerrenda.
Maillot hau oso erraza da detektatzen: urrutitik ikusten da. Berehala identifikatzen zaigu.
4. Hau ez da Arakil kirol arropa egin den lehen aldia. Aurretik ere beste mailloten bat egin omen zen.
Bai, baina kirolaren munduan azken urtetan hasi naiz eta ez dut gogoratzen aurreko diseinua nolakoa zen.
5. Txirrindularia zara. Afizionatu gisa ibiltzen zara edo talderen batean lehiatzen zara?
Afizionatu hutsa naiz, bakarrik neure buruarekin lehiatzen naiz (kar, kar…). Hiriberrin nahiko kirolariak gara eta larunbat goizetan bizikletan ibiltzeko elkartzen gara. Iturrian bildu eta paseoa ematen dugu. Larunbatero zortzi pertsona inguru elkartzen gara, 20-30 urte bitartekoak. Gurea herri txikia da, baina zaletu gazte asko gaude. Ni naiz emakume bakarra. Talde polita gara, eta oso gustura nago beraiekin.
6. Nondik ibiltzen zarete?
Lizarrustitik Ataunera jaisten gara, Ziako buelta, Leitza, Ultzama, Lizarrerria… denetatik, eguraldiaren arabera. Joan zen urtean La Peluso martxa bertan behera geratu zen pandemiagatik, baina guk gure kabuz egin genuen, eta hori izan da kilometro gehien egin ditudan eguna, 90 km. Bestetan 60 km, 50 km… tarte horretan ibiltzen gara. Sakana gune aproposa da bizikletan ibiltzeko, ez direlako auto asko ibiltzen. Bizikletan ibiltzeko bailara politean bizi gara.
7. Astean zehar zure kabuz ateratzen al zara?
Astean zehar nahi nukeena baino gutxiago ibiltzen naiz bizikletan, lanagatik ez dudalako hain erraza, baina gehiago ateratzea gustatuko litzaidake, zure taldekoak gehiagotan ateratzen badira zu atzean gelditzen hasten zarelako. Ea uda aldera aukera gehiago dudan.
8. Bakarrik edo taldean nahiago?
Hasieran beldurra ematen zidan bakarrik ateratzea. Baina ateratzen hasita, beldur hori pixkanaka kentzen joaten zara. Hala ere, nahiago dut taldean joatea, babestuago zaudelako eta taldean bide erdian geldialdia egiten dugulako pintxo bat eta kaña bat hartzera. Hori ere kirolaren zatia da.
9. Hiriberriko taldekide guztiek Arakil maillota erabiltzen al duzue?
Esango nuke ia gehienok erosi dugula Arakil kirol materiala. Hasieran beti arropa horrekin ateratzen ginen, baina orain egunaren arabera.
10. Lehen txirrindularitza materiala oinarrizkoagoa zen, baina urte batzuetatik hona materialean eta diseinuan sekulako aldaketa egon da. Moda kontua bilakatu da.
Bai, egungo maillotak oso deigarriak dira. Kirol arroparekin gertatzen zait dendetara joan eta dena erosiko nukeela. Dena den, txirrindulariendako garrantzitsua da maillotak ikusgarriak izatea, errepidean gu nabarmentzea eta ongi ikustea oso garrantzitsua delako. Bestalde, ibiltzearen poderioz beharrak ikusten dituzu. Hasi nintzenean txirrindularitza zapatekin ateratzen nintzen eta orain neguan ateratzera animatu naizela, zapaten gainetik jartzeko botinak erosi ditut, behatzak ez izozteko, bestela ederki sufrituko nukeelako. Pixkanaka kirol kit-a osatzen duzu.
11. Arakil kirol arropa egiteko ekimena zer iruditzen zaizu?
Oso polita, Arakil bailara ezagutarazteko eta antzemateko primerakoa. Gainera, kirol arropa oso polita da. Mendiko arropa eta txirrindularitzarako arropa da, negurako eta udarako, diseinu politarekin. Katalogoa Arakilgo Udaleko webgunean dago ikusgai, baita eskariak egiteko modua. Nik jendea animatzen dut. Material ona da, eta ez bakarrik bizikletan ibiltzen garenondako, baizik eta edozein kirol egiten dutenendako eta baita paseatzera doazenendako ere.