Astekaria

"Datorren denboraldian jarraikortasuna izatea eta disfrutatzea, hori espero dut"

Maider Betelu Ganboa 2022ko urr. 25a, 14:00

Imanol Erbiti denboraldiko azken lasterketan, Lombardian, Alejandro Valverderen despedidan. MOVISTAR TEAM

Urte gogorraren ondoren, merezitako atsedena hartu du Imanol Erbiti Ollo Ihabarko txirrindulariak. Datorren urtean bere 19. denboraldiari ekingo dio, gogotsu

Imanol Erbiti Ollorendako (Hiriberri, 1983-11-15) arraroa izan da despeditu berri den 2022 txirrindularitza denboraldia, jarraikortasunik gabea. COVID-19, alergiak, erorikoak, ez ohiko egutegia…– denetatik izan du Hiriberrikoak, eta datorren denboraldian jarraikortasuna izatea eta disfrutatzea, hori da espero duena.

Frantziako Tourra COVID-19arengatik utzi behar izatea pena handia izango zen, ezta?
Bai, eta sintomarik ez nuela kontuan hartuta, are gehiago. Sekulako amorrua eman zidan horrek. Baina horrela tokatzen denean onartzea, ez dago besterik.

Dauphinéko erorikoak Tourra prestatzen harrapatu zintuen, eta hori ere denboraldiko beste gurutze bide bat izan zen, nahiz eta gero osatu eta Tourrean aritu. 
Ordura arte alergiekin arazoak izaten ditut, eta hain justu nahi bezala ari nintzenean, txiribuelta eta lurrera. Kirola horrelakoa da. Batzuetan guztia primeran ateratzen da, baina beste batzuetan bolada txarrak izaten dira. 

Aurtengoa denboraldi guztiz arraroa izan da: erorikoak, COVID-19, Movistar Team taldeak World Tour mailatik ez jaisteko puntuak bildu beharra… Denboraldia nola definituko zenuke?
Jarraikortasunik gabekoa; arazo guztien ondorioz jarraikortasuna izatea kosta egin zait.

Movistar Team maila galtzeko arriskuan egotea ere bitxia izan da. 
Bai, azkenean arazoetan sartu eta agian espero ez genuen egoera batean ikusi genuen gure burua, baina erantzuten jakin genuen eta eskenatoki berrira egokitu behar izan genuen. Zorionez, egoerari buelta eman genion eta lasai bukatu dugu denboraldia, pozik.

Zuena bezalako talde ahaltsu bat maila galtzeko zorian egotea sekulako presioa izango zen.
Arau hau duela hiru urte jarri zen indarrean eta aurten betetzen zen. Bazirudien ez ginela arrisku egoera horretan egongo, baina aurten azterketa iritsi zen eta etxeko lanak bukatu gabe harrapatu gintuenez, korrika ibili behar izan dugu. Horrela laburbildu genezake. Azterketa gainditu dugu eta airea hartu dugu, baina gertatutakoa etorkizunerako lezio gisa hartzen dut.

Nolako lezioa?
Adi egon beharra dugula. Izan ere, ongi zaude, baina bat batean gauzak okertzen hasten dira, aurten Enric Masen erorikoekin eta bestelakoekin gertatu zaigun bezala, eta ia konturatu gabe burua estu ikusten duzu. Euskal Herriko Itzulian, Tirrenon eta bestelakoetan izandako erorikoen ondotik eta Enricek Tourra utzi beharra izan zuenean eskura genituen puntu asko galdu genituen eta egoera zaildu egin zitzaigun.

Puntu behar horrengatik egutegia aldatu eta aurten Espainiako Vueltan ez lehiatzea arraro egin zitzaizun?
Faltan bota nuen, Vuelta jokatzea polita delako, baina 2018an ere ez nuen parte hartu, egutegi alternatiboan aritzea egokitu zitzaidalako. Eta esan beharra dago egutegi alternatiboan ez zarela aspertzen, ez baitzara gelditzen. Probak eta bidaiak kontuan hartuta, Vueltako lehiaketako ia egun berberak egiten dituzu, baina jarraian izan beharrean banatuta, toki batetik bestera.

Hiru asteko itzuli gogor bat gainetik kentzea agian zure gorputzari ez zaio gaizki etorri.
Izan daiteke, 21 egunez jarraian lehiatzeko exigentzia handia baita. Datorren urtean ikusiko dugu (kar, kar).

Azkeneko lasterketak aurten erretiroa hartu duen Alejandro Valverderen alboan egin zenituen, Italian. Valverde urte luzez zure lider, taldekide eta laguna izan da. Bere agurra nola bizi izan duzu?
Nahiz eta pena eman, normaltasunez bizitzen saiatu naiz, erretiroa logikoa delako eta guztioi iritsiko zaigulako, jakina. Baina emozio handikoa izan zen, ederra. Italiako azken monumentuan, Lombardian, Alejandro laguntzea oso polita izan zen, laguna dudalako. Urteak eta urteak eman ditugu une gozoak eta une txarrak partekatzen, eta berezia eta hunkigarria izan zen. Gainera, maila horretako txirrindulari bat bere azken egunean etapa garaipenagatik borrokatzen despeditzea handia izan zen. Askok ezingo dute hori esan, baina bere mailaren, duen konpromisoaren eta bere lehiaketa senaren erakuslea da hori. Oso polita izan zen.

Maila profesionalean zure 19. denboraldiari ekingo diozu datorren urtean, 39 urterekin, eta guztiak eskuadra berdinean. Halako egoeran zauden tropeleko bakarrenetakoa izango zara, ez?
Baietz uste dut, normalean talde aldaketa asko izaten direlako. Oso pozik nago txirrindularitzan jarraituko dudalako. 2023an horrenbeste arazo eta ustekabe ez izatea da espero dudana, urte normal bat izatea, egonkortasun gehiagorekin. Txirrindularitzaz normaltasunaz disfrutatzea, finean. Izan ere, aurten batzuetan erlojuaren kontra nenbilela sentitu naiz, etengabeko korrikaldian: Dauphiné erorikoaren ondotik Tourrera iristeko korrika, taldearendako puntuak lortzeko korrika…

"Gertatutakoa etorkizunerako lezio gisa hartzen dut: adi egon beharra dugu"

Alejandroren erretiroak aldaketak ekarriko ditu Movistar Team-en.
Bai, erreferente bat doa, taldeari zentzua eman dion liderra. Alejandrok pisu erraldoia zuen taldean. Hori dela eta gerta daitezkeen beste aldaketak direla medio, egoera berrira egokitzeko gogor egin beharko da lan. Bestetik, aurrerapausoa eman duten txirrindulariak ditugu, itxura ona dutenak, progresioan daudenak eta, guztia ongi badoa, erreferente izango direnak, aukera gehiago izango dituztelako.

Talde gizona, liderren bizkartzain fidela, esperientzia handikoa, langile petoa eta taldean eta tropelean oso preziatua zaren txirrindularia zara. Taldean estatusa izango duzu.
Estatusa izan daiteke, baina ez da horrela ikusi behar. Azken finean taldekideak laguntzen saiatu beharra dut, taldekideei gauzak erraztu. Hori da nire funtzio nagusia: taldekideei lasaitasuna transmititzea, esperientziak ematen dizun sosegua islatzea gauzak egiteko edo ibilbideak ezagutzeko orduan, aurretik bizi izan duzuna haiei azaltzea eta eurak babestea. Laburbilduz, taldekideak laguntzea eta orden bat mantentzea. Gazteei gauza gehiago transmititu ahal dizkiezu, oraindik ez dituztelako bizi.

Nola iristen dira txirrindulari gazteak maila profesionalera? Zure burua islatuta ikusten duzu?
Ez, ezberdintasunak daude. Gaur guztia oso teknikoa da, eta txirrindulari gazteak horrekin jaio dira. Aurreratuagoak daude, ni iritsi nintzenean baino profesionalagoak dira. Hala ere, erronka berbera da, pedalkadak ahalik eta azkarrenen egitea, nahiz eta moduak edo baldintzak ezberdinak izan. Beraz, ezberdina da, baina aldi berean berdina. Ez dago erotu beharrik, eta lana zentzumenez eta inteligentziaz egitea, horrek bulkatzen zaitu aurrera. 

Prestakuntzak milimetratuak dira gaur egun, makinak dirudizue.
Gogoan dut entrenamenduan buelta luzea egiten genuenean eta etxera neka barratuta iristean pentsatzen genuela: gaur ongi entrenatu dut. Orain guztiz ezberdina da. Puntu honetan X potentzian joan beharra duzu, hurrengo tartean bestean… Datu asko maneiatzen dira prestakuntza modu ordenatuan eta planifikatuan egiteko, kontrol handia dago, baina horrek ere burua asko nekatzen du. Dena den, egungo garaiak horrelakoak dira. Unean unekoa. 

13 Tourretan, 14 Vueltatan eta Giro batean parte hartu duzu, gainontzeko klasiko eta lasterketak kontuan hartu gabe. Datorren urtean zein lasterketa egin nahiko zenuke guztiaren gainetik?
Azken urteetan egin dudan egutegia gustuko dut, baina ez dakit nola etorriko den datorren denboraldia, liderren eta taldeak dituen asmoen araberakoa izango da. Dena den, interesgarriena lider on bat doan tokira joatea dela uste dut, talde gizona naizelako eta hor gehiago eman ahal dudalako. Itzuli handi bat gazte askorekin egitea ongi dago, baina lider on baten alde lan egiten denean eta lasterketa orden zehatza dagoenean gehiago eskaini ahal diozu taldeari. Dena den, zein lasterketetan aritu baino, datorren denboraldian erorketarik ez izatea, COVID-ak arazorik ez ematea eta lasterketetan disfrutatzea, berdin zait zeinetan, hori da nahi dudana.

"Alejandrok pisu erraldoia zuen taldean. Egoerara egokitzeko gogor egin beharko da lan"

Galtzadarrien klasiko handiak omen dituzu gustuko.
Bai, baina maitasun-gorroto harremana dut eurekin. Gustuko ditut, taldeak askatasuna ematen dit klasikoetan ongi aritzeko, baina atsekabe gehien sortu izan dizkidatenak dira, hain zuzen ere alergien garaian izaten direlako. Askotan saiatu naiz ongi iristen, aurrean egoten, eta ez dut jakin izan, edo ez da posible izan, edo alergiak ez dit ongi aritzen utzi… kontua da arazo asko izan ditudala klasiko hauetan. Alergien aldetik askotan izaten dudan asterik okerrenean izaten dira klasiko hauek, eta sarritan gertatu izan zait ilusioz gainezka joatea eta gurutzatuta itzultzea. Udaberrian polen mota bati diot alergia, baina bereziki akaroen alergiak sortzen dit kalte gehien, udaberrian eta udazkenean. Bi piko izaten ditut.

Horrenbesterako al da?
Alergiak ez dizu zure benetako maila erakusten uzten. Errendimendua mugatzen dizu, eta hori buruarendako oso gogorra da. Gehienbat arnastean nabaritzen dut, ez baitut ongi arnasten. Lasai joan behar duzunean estututa zoaz eta topera jarri behar zarenean ezin duzu zure maila eman. Zure maila baino %20 gutxiagoan zaude eta lehiatzeko latza da hori. Eta zaila da erregulatzen, sistema immuneari dagokiolako. Sistema immuneak, defendatzeko, bronkioak ixten ditu, eta nahiz eta inhalagailua erabili, gehienez zure mailaren %80ra heltzen zara, eta hori lehiaketan alde handia da. Konpontzeko zaila den arazoa da, eta sekulako sumina sortzen dit.

Orain merezitako atsedena hartzen ari zara. Noiz arte?
Orain deskonektatzen dut eta beste aktibitateak egiten ditut, mendira joan edo korrika egin, esaterako. Familiarekin eta lagunekin gustura egoteko tartea dut, gogoz aprobetxatzen dudana. Azaroan planifikatutako entrenamenduekin hasiko naiz eta taldeko lehen kontzentrazioa egingo dugu, datorren denboraldia antolatzeko.

Urte berria eta aldaketa handiak.
Bai, ea ongi hasten garen eta denboraldia normal doan. Jarraikortasuna izatea, disfrutatzea eta dagokidan liderrari laguntzea, horiek dira nire nahiak. Disfrutatzea, disfrutatzen baduzu guztia ongi doanaren seinale baita.