Abenduan XXII. Sakanako Xake Txapelketa jokatu zen Hiriberri Arakilen, Sakanako Mankomunitateak Zaldi Beltza Xake Taldearen laguntzarekin antolatutakoa. Guztira 37 xakelarik eman zuten izena torneoan, xakeaz gozatzeko prest. Sakanakoa, aldi berean, Nafarroako Txapelketa izan zen 1.900 ELO puntutik beherakoa, eta 20 minutuko zortzi partidatara jokatu zen. Partida azkarrak, beraz.
Berritu berri itxura ederra duen Hiriberriko Kontzejuan bildu ziren xakelariak, Jesus Uriz Elizaldek epaile lanak egin zituela. Hark esaten zuen txanda bakoitzean zeinek zeinen kontra aritu beharra zuen, eta zein mahaitan. Arerioak eskua eman, eta berehala hasten ziren jolasean. Pieza mugitu eta erlojua sakatu, horixe egin beharreko mugimendua, xakelariak guztiz kontzentratuta zeudela. Beste mundu batean murgilduko balira bezala. Batzuetan jokaldiak mantsoak ziren, segidan. Beste batzuetan, aldiz, pentsatzeko tarte nahikoa hartu ondoren, azkar-azkar, dida batean egiten zituzten mugimenduak, bata bestearen atzetik. Ikusgarria, benetan.
Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Dani Echavarri lehenengoz aritu zen txapelketan, “eta xakelariek duten maila ikusgarria dela esan beharra dago. Benetan. Maila onean aritzeko fenomeno hutsa behar duzu izan. Nik, momentuz, jokatu ditudan hiru partidak galdu egin ditut, baina oso ongi pasatzen ari naiz, eta asko ikasten ari naiz. Oso berezia da. Pena dut arratsaldean ezingo dudalako aritu”.
15 sakandar
Goizeko jardunaren ondoren, guztiek Txitera elkartean bazkaldu zuten eta arratsaldean jarraitu zuen txapelketak. Jesus Uriz epaileak bukaeran eman zuen emaitzen berri. Horrela, Donibane taldeko Mariano De Pablos izan zen txapelduna (6,5 puntu), Mikel Gurea klubeko Sergio Anguasen aurretik (6,5 puntu). Orvinako Mikel Otxoa Aldazek (6 puntu) osatu zuen podiuma. Sakandarrei dagokienez, Aimar Yeregi Bakaikoa izan zen lehena, sailkapenean seigarren (5,5 puntu). Emakumezkoetan Berriozar klubeko Saioa Torres izan zen irabazlea, sailkapen absolutuan 27. postuan sailkatuta (3 puntu).
Adinei dagokienez, 8 urtez azpiko sailkapenean Sakanako Alazne Viana izan zen lehena (33. postuan, 2 puntu). 10 urtez azpiko sailkapena Ekaitz Mayordomok irabazi zuen (26. postua, 3 puntu), 12 urtez azpiko sailkapena Orvinako Mario Antonanzasek (bosgarren, 5,5 puntu) eta 14 urtez azpikoa Berriozar klubeko Antso Vidondok (hemeretzigarren, 4 puntu).
Aipatzekoa da 15 sakandarrek parte hartu zutela, albiste oso ona, azkenaldian aritzen zirenen kopurua murritza baitzen oso. Beraz, poztekoa da gazteak xake txapelketetan hasi izana. Etorkizuna, badago.
Sakandarrak Sakanako Xake Txapelketan
Gizonak
1. Mariano De Pablos 6,5 p.
6. Aimar Yeregi 5,5 p.
7. Juan A. Cerro 5 p.
10. Ismael Anton 5 p.
13. Victor Barriga 4,5 p.
16. Kaiet Viana 4,5 p.
17. Ekain Galarza 4 p.
18. Mikel Castellano 4 p.
20. Iker Iturrioz 4 p.
22. Koldo Flores 3,5 p.
25. Cesar Razkin 3,5 p.
30. Mikel Markotegi 2,5 p.
35. Mikel Reguera 1 p.
36. Dani Echavarri 1 p.
37. Joseba Arbilla 0,5 p.
Emakumeak
27. Saioa Torres 3 p.
33. Alazne Viana 2 p.