Etxe baten eraikuntzak hondakinak bereizita jasotzeko etxolarendako kokapen berria bilatzera behartu zituen Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzua eta Hiriberri Arakilgo Kontzejua. Toki aproposen bila ibili ondoren eta, momentuz, besterik ezean, Kale Nagusian dagoen futbol zelaiaren hegoaldean jarri dute. Otsailaren hasieratik han ari da zerbitzua ematen.
Bestetik, Hiriberri Arakilgo Kontzejua Nafarroako Gobernuak Toki Azpiegitura Planaren ebazpena publiko egin zain dago. Izan ere, Arakil ibai gaineko zubia konpontzeko proiektua aurkeztu dute. “Guretako lehentasunezko lana da, zubia erortzeko arriskuan dagoelako, eta, besteak beste, baso aprobetxamendu ateratzeko handik pasa behar delako”, azaldu du Javier Arrieta Aniz kontzeju buruak. Zubia berritzeak 250.000 euro inguruko aurrekontua du. “Jasotzen dugun dirulaguntzaren arabera herrian gauza batzuk egiteko aukera izanen dugu edo ez. Zubiarena jakin arte, erabilera askeko 4.317,85 euroak ez ditugu ezertara bideratu. Zubirako beharko ote ditugun ez dakigulako oraindik”, esan du kontzeju buruak.