Hiriberriko Kattalin Armendariz Irastorza Esklerosi Anizkoitz Nafarroa Elkarteko (ADEMNA) fisioterapeuta da ilbeltzetik, elkartearen Iruñeko egoitzan. Ostiralero Altsasuko Aita Barandiaran egoitzara hurbiltzen da, esklerosi anizkoitza duten egoiliarrei tratamendua egitera.
Esklerosi Anizkoitz Nafarroa Elkartea kanpaina berezia bulkatzen ari da, exoeskeleto bat erosi ahal izateko.
Bai. Exoeskeletoa aparailu garestia da, 100.000 euro baino gehiago balio du. Duela bi urte elkartean exoeskeletoaren demostrazio bat egin zen, oso hunkigarria izan zena. Exoeskeletoaren onurak ikusi ziren, eta aparailua erosteko kanpaina martxan jarri zen. Juan Larreta antsoaindarra da sustatzaileetako bat. Esklerosi anizkoitza du, eta kanpainan izugarri mugitu da. Kanpainaren barruan txokolate solidarioa ekimena dago, hau da, txokolate tabletak 2 eurotan salgai jarri dira Iruñeko denda askotan eta gure elkartean. Bestalde, diru bilketarako ekimen ezberdinak burutzen ari gara, apirilaren 1ean Kepa Gordok Uharte Arakilen San Migelera 9 aldiz igotzeko egindako erronka, esaterako.
Exoeskeletoaren onurak horren garrantzitsuak al dira?
Bai. Esklerosi anizkoitza duten pertsonengan efektu zuzena du, bizi kalitate hobe bat lortzen laguntzen dielako. Exoeskeletoak ez luke eguneroko fisioterapia aldera utziko, baina terapia horri falta zaion extra bat izango litzateke.
Exoeskeletoa gertutik ikusi al duzu?
Ubarminen lanean nengoenean demostrazio bat ikusi nuen. Pertsona horrek ibiltzearen sentsazio hori berriz bere gorputzean nabaritzea emozionalki txute bat bezala izan zen. Oso polita izan zen. Exoeskeletoarekin helburua ez da ibiltzen ez diren pertsonak berriz ere oinez ibiltzea, baizik eta sentsazio hori bizi dezatela eta burmuinari esatea eta gogoraraztea ibiltzeko funtzio hori hor duela, gure gorputzak funtzio bat galtzen duenean, gure burmuinatik desagertzen delako. Neuroplastizitatea izena du kontzeptuak, burmuinean dauden area desberdinek funtzio hori hartzearena.
Nola doa diru bilketa?
Ongi goaz, baina azkeneko bultzada falta zaigu, eta hori apirilaren 1ean Kepa Gordok Aralarko San Migelera 9 aldiz igotzeko mendi erronkarekin lortu nahi genuen. Ea posiblea den. Bestalde, elkarteko lokala txikia geratu zaigu, eta ondoko lokala alokatu nahiko genuke, exoeskeletoarekin erosoago ibiltzeko. Beraz, kanpainak ez du etenik eta elkartean jendearen laguntza jasotzen jarraitzeko prest gaude.