Zubiak kontzejuaren jarduna baldintzatzen du

Guaixe 2024ko uzt. 22a, 09:00

Hiriberri Arakilgo ezkerreko begia dago hondatuta. ARTXIBOA

Hiriberriko Arakil ubelde gaineko zubia konpontzeak 250.000 euro inguru balio du. Dirulaguntzarik gabe ezinezkoa izanen da hura konpontzea, baina Nafarroako Gobernuaren deialdietan ez dute onartu. Beste egitasmoak baldintzatzen ditu.

Herritik gertuen dagoen zubiko begian, klabean, harriak falta dira eta zartatu handi bat du. Ondorioz, zubia erortzeko arriskuan dago. Arakil ubelde gaineko zubia Hiriberri Arakilgo soro eta larre batzuetara eta basora joateko bide bakarra da. Baina bere egoera kaxkarraren ondorioz, gehienez ere 10 tona arteko ibilgailuak pasa daitezke handik, eta gehienezko abiadura 20 kilometro ordura dago mugatuta. "Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza deialdietara aurkeztu genuen konponketa proiektua, baina deialdi bakar batekin ez da bat etortzen. Dirulaguntzarik gabe ezin dugu guk bakarrik konponketarik egin, dirutza da. Horregatik gaude gobernuarekin harremanetan, zubia konpontzeko dirua nondik lortu aztertzeko", azaldu du Javier Arrieta Anizek, Hiriberri Arakilgo kontzejuko presidenteak.  


Zubiko hondatutako begian zartadura dago. ARTXIBOA

Zubia noizbait berritu beharko duela eta lanak aurrekontu handia izanen duela jakitun, Hiriberri Arakilgo Kontzejuak "gauzak ezin egin" dagoela azaldu du Arrietak. Aurtengo aurrekontua 47.300 eurokoa da, Nafarroako Gobernuak eta Arakilgo Udalak egindako ekarpenekin eta baso aprobetxamendu baten salmentarekin osatuta. "Inbertsiotarako 28.000 euro bideratu ditugu. Baina 22.000 euro zubiko lanak egiteko zakura bideratu ditugu", azaldu du Arrietak. Beraz, etorkizunean eginen duen inbertsio handirako kontzejua dirua pilatzen ari da. 


Traktorea zubi gainetik pasatzen. ARTXIBOA

Damoklesen ezpata bihurtu zaio zubia Hiriberri Arakilgo Kontzejuari. "Horregatik, ez diegu beste lan batzuei heltzen, eta ez dugu aurrera egiten". Esaterako, kontzeju etxean bi lan dituzte aurreikusita. Batetik, atzeko aldean dagoen atea berritzea. Eta, bestetik, eraikina bera margotzea. Hala ere, kontzeju buruak azaldu du han dagoen squasheko zoruko tarima atzera ere bernizatu dutela. Kontzeju etxean eguzki plakak jartzearena, "badugu Sakanan sustatu nahi den energia kooperatiben berri", baina aukera iristen denean aztertuko dutela azaldu du Arrietak, begia zubian duela. 

Bestalde, Arakilgo Udalak foru administrazioaren Tokiko Inbertsio Planeko sareak berritzeko eta zolaketa lanak inbertsio lerrora Hiriberri Arakilen egin beharreko lanak aurkeztu zituen. Zubiko Bidea eta Larrainak kaleetako zoruaren zatiak berritzea. "Eskaera asko izan ziren eta erreserban utzi gintuzten. Ea hurrengo deialdian jasotzen dugun". 

Gaztainadia 
Kontzeju buruak jakinarazi duenez, Sakanako beste herri batzuekin batera, Hiriberri Arakilek ere gaztainondoak berreskuratzeko proiektuarekin bat egin du. "Bi jarduera eginen ditugu. Gaztainzulo dermiotik gaztainondoak kendu eta pinuak jarri zituzten 1970ean. Orain hektarea eta erdian arraseko mozketa eginen dugu eta, ondoren, hektarea batean gaztainak landatuko ditugu". Beste jarduera mendian, goian, eginen dute. "Gaztainondo zaharrak daude, pagoz inguratuta. Haietako batzuk moztuko dira, gaztainondoak aurrera egin dezaten. Gainera, landare berriak landatuko dira eta bertako barietateekin txertatuko ditugu". Intia enpresa publikoaren aholkularitza dute horretarako. 

Arrietak azaldu duenez, "kontzejuak 50 hektarea pinu landaketa ditu. Pinudian bakanketa egiteko garaia iritsi da. Baina horrekin batera, etorkizunean han zer egin nahi dugun pentsatzen hasteko garaia da: gaur egun bezala baso ustiapenera bideratzea, aziendarako angioa egin edo dena delakoa", azaldu du kontzejuko presidenteak. Bitartean, Arakilgo Udalak udarako kontratatutako langileek herrian lorezaintza lanak eta basoan garbiketaren bat eginen dute.