Intxaurrondoen kudeaketa ikasteko ikastaroa egin zen

Guaixe 2025eko apirilaren 8a

Ikastaroan parte hartu zutenak irakaslearen azalpenei adi. INTIA

Hogeita hamar bat lagunek parte hartu zuten Hiriberri Arakilen antolatu zen inausketa eta txertaketa ikastaroan.

Intia enpresa publikoak antolatuta, Hiriberri Arakilek intxaurrondoak eraberritzeko inausketa eta txertaketa ikastaroa hartu zuen apirilaren 2an. Jardunaldia saio teorikoarekin hasi zen. Carlos Marzo Intiako frutagintza arloko arduradunak eman zuen. Saio horretan honakoak azaldu zituen: intxaurrondoaren barietate emankorrenak, haien izurrite eta gaixotasun nagusiak, horien maneiua errepasatu ziren, gaztetze egokiaren inausketa egiteko kontuan hartu beharreko kontzeptu garrantzitsuak eta txertaketak egiteko kontuan hartu beharreko gai nagusiak.

Ondoren, talde osoa 40 urtetik gorako intxaurrondo-landaketa duen lursail batera joan zen, herri berean, txertaketa saio praktiko bat egiteko eta ale batzuen gainean berritzeko inausketa egiteko.