"Nafar rock powerduo" bezala deskribatzen dute Alain Azkonak eta Aitor Martinezek Hartzak Zeruan musika proiektua; "kaña eman eta energia transmititu nahian" bi kidez osatutako rock talde bat da. Hiriberri Arakilgo kontzejuko "biltegian" elkartzen hasi ziren 2024ko udan, eta dagoeneko sei abestiz ostatutako EPa kaleratu dute: Bidean, baita Gal(d)era bideoklipa ere.
Hartzak Zeruan "intentsitate berdinean gauden bi pertsona disfrutatzeko irteera toki bat aurkitzea" helburu duen taldea dela esan du Martinezek. Etxauriarrak ahotsa eta gitarra jotzen ditu. "Energia gordina eta grina" aipatu ditu Azkonak, taldeko bateriajole eta ahotsak. Bi kidez osatuta dagoenez, izen "luzea" nahi zuten, "gu bion lotura adierazten duena"; hartz handia eta hartz txikia konstelazioetatik dator.
Hartzak Zeruan taldeko kideak: Aitor eta Alain. UTZITAKOA
Taldea sortzeko historia "luzea" dela esan du hiriberriarrak. Aurretik beste taldetan ibiltzen ziren: "Nire lehengusuagatik elkar ezagutzen genuen. Ni Anfora Hiriberriko taldean nengoen eta Aitor beste batean zegoen, eta elkarrekin jo genuen". Taldeak "beti ez dira errazak" esan du Martinezek, "aurreko taldean gorabehera asko zeuden eta azkenean bateria joan zen, eta Alain fitxatuta geneukan". Gasteizen jo behar zuten kontzertu bat baino aste bat lehenago hasi zen Azkona taldean, "aste batean abestiak ikasi zituen; pixka bat kaotikoa izan zen". Talde hori amaitu zenean, gitarra jolea "gogotsu" zegoen, baita Azkona ere, eta hasieran ez zekitela zer egin aipatu dute; "intentsitate horretan" taldea aurrera eramatea erabaki zuten arte. Azkona: "Zerbait sortu eta gero ikusiko genuke". Bi kide izaten "oso gustura" daudela gaineratu du Martinezek, "kudeatzeko erraza da", nahiz eta bere gauza "onak eta txarrak" dituen.
"Nire kasuan bertsioak egiten genituen, rock bertsioak gehienbat; pop pixka bat ere sartzen genuen", azaldu du Azkonak. Martinezen aurreko taldeak "eboluzioa" izan zuen: "Hasieran Des-Kontrola eta euskal punk rocka egiten genuen". Musikariaren eboluzioan "beste gauza bat" egin zitekeela ikusi zuen, eta "beste soinu bat" bilatzen hasi zen, "garageroagoa, rockeroagoa... melodia desberdin horietara iristea, berria". Bilaketa horrek Hartzak Zeruan egiten duen musikara eraman zuen, "erosoen nagoen musika honetara".
Rock
"Rocka da; alternatiboa, grunge, garageroa... Lerrokatu gabe"
Musika estiloaren aldetik etiketa bat ez dutela pentsatu esan du Azkonak, baina rocka dela determinatu dute. Martinez: "Rocka da; alternatiboa, grunge ukitu batekin, garageroa... Ez dugu ezer asmatu, ez dugu magiarik egin edo ez gara ezer berria sortzen ari". Rockaren barruan kokatzen dira, eta garatzeko prest daude. "Lerrokatu gabe, ez dugu beti berdina egin nahi", gaineratu du Azkonak. Abesti bat "elektronikoagoa" dutela esan du. Hortaz, oinarria 1990eko hamarkadako rocka da, baina ez diote beste estiloei ateak ixten.
Rock taldeak, orokorrean, talde handiak izaten dira; hiru kidetik gorakoak, batez ere gitarra, baxua eta bateria izaten dituztelako. Nola egiten du Hartzak Zeruan bi kide izanda? "Diskoa bakoitzak bere aldetik grabatu du, eta gitarrarekin trukoak egiten ditu Aitorrek". Martinezek azaldu duenez riff oinarri bat egiten du, hori probatzen dute, eta nola garatu daitekeen begiratzen dute, "akorde progresio bat da". Detailetxoei arreta jartzen dietela esan dute, "hori bai, detaileak gustatzen zaizkigu". Helburua ez aspertzea da; "soinu aldetik konplikatzen hasi ginen, gero sinplera bueltatu gara...". Biek protagonismo berdina dute.
Maiatzaren hasieran lehenengo singlea kaleratu zuten, Gal(d)era, eta harekin batera bideoklipa. Beñat Goia da zuzendaria, eta taldearen "energia eta estetika" erakusten du lanak. Maiatzaren amaieran Bidean Hartzak Zeruan taldearen lehenengo EPa kaleratu dute; sei abestiz osatuta dago eta Motu estudioan grabatu dute. "Soinu bidaia" bat dela esan dute taldeko kideek. Letrak "ilunak eta introspektiboak" direla esan dute, baita edertasun "gordin eta zintzoa" dutela ere. Hainbat gai jorratzen dituzte, besteak beste, giza harremanak, alienazioa eta egonezin existentziala.
"Izugarri hunkituta gaude azkenean gure musika munduarekin partekatzeagatik" esan du Azkonak. Lanak "pasio eta lan gogor askoren" emaitza direla gaineratu dute, eta jendeak abestiekin "konektatzea" espero dute.
Bidea
"Azkar eta mantso ari gara, bi gauza batera", azaldu du Martinezek; "gure bidea azkarra izan da, ea nola doan gauza". Ideiak aurreko taldetik ekarri bazituen ere, "lehenengo pausoak" ematen ari dira orain; gelditu gabe. "Momentuz" hiru zuzeneko eman dituzte; lehenengo entsegu "irekia" izan zen, Hiriberri Arakilen, Etxauriko festetan jo zuten eta Bilborocken, Villasound 2025 lehiaketaren barruan. Azkona: "Handia izan zen, esperientzia polita, flipatzen geunden; tokia izugarria, kamerinoarekin...". Egoeragatik pixka bat "urduri" zeudela esan du Martinezek, "musikaren munduko jende asko zegoen ikusten, lehiaketa bat zen...". Gogotsu atera ziren.
Villasound 2025 lehiaketan finalista izan ziren, eta zenbait lehiaketa gehiagotan parte hartu dute ere: Herri Urratseko maketa lehiaketan finalista izan ziren eta Gazteako maketa lehiaketan aurrefinalistak. Gasteizko Txosnetako lehiaketan ere parte hartu dute.
Zuzenekoetan taldearen energia "gordina" erakusten dute. Udara begira hiru kontzertu aurreikusten dituzte, horietako bat Urdiaingo festa txikietan, abuztuan. "Baikor jarrita, Euskal Herriko rock eszenan tokitxo bat egin nahi dugu", esan du Martinezek, "eszena horretan sartzea". Batez ere disfrutatzea da Hartzak Zeruan taldekideen helburua. "Muturra sartzea, presiorik gabe, ateratzen dena ateratzen dela", gaineratu du Azkonak.