"Festak herriarenak diren heinean, denon artean antolatzen saiatzen gara". Hiriberri Arakilgo festak ospatzen ari dira; irailaren 4ra arte hasi ziren eta igandera arte ospatuko dituzte. Festetako antolakuntza lanak, "gehienbat", Txitera elkarteko juntatik koordinatzen direla azaldu du Naroa Unanua Huarte hiriberriarrak. "Kontzejuarekin elkarlanean; badira beste taldetxo batzuk festetarako aktibatzen direnak". Hortaz, Guraso elkartea, Jai Batzordea, herri asanbladak eta txandak ere aritzen dira ospakizunen antolakuntzan. "Beti festa herrikoiak izan dira, eta auzolanaren bitartez funtzionatzen jarraitzen dute".
Festen antolakuntza urte batetik bestera hasten da: "Musika, adibidez, urte batetik bestera kontratatzen dugu. Gero, uda partean kontu zehatzagoekin hasten gara: elkartearen alokairua, pankartak, kartela...". Festa egunetan txanden bidez antolatzen dira, "herritar guztien artean ardurak banatzen ditugu": otamenerako haragia prestatzetik igandeko bingoaz arduratzera, dena auzolanean egiten dute.
Helburua guztiondako erakargarriak diren festak antolatzea dela esan du Unanuak; festak antolatzeko adin tarteak kontuan hartzen dituzte: "Guraso Elkarteak haur jarduerak presatzen ditu, gazteok beste ekimen batzuk, eta horrela egitaraua gutxinaka osatzen goaz!". Hiriberrik 120 biztanle ditu, eta "izan dezakeen aurrekontuarekin" herritar guztiendako "erakargarriak" izan daitezkeen festak erronka nagusia da.
Anekdotak
Arratsaldeko musika emanaldia eta dantzaldia, otamenarekin batera, dira Unanuarendako Hiriberriko festetako ekitaldirik nagusienetakoak. Esaterako, atzo Anphora taldearen kontzertua izan zen, Txiteran, gaur, ostirala, Biziraun erromeria izanen da; bihar, larunbata, Trikiteens, eta azken egunean ere musika izanen da plazan. "Hunkigarria da plaza adin ezberdinetako jendez beteta ikustea. Gainera, urtero, abuztuan, dantza ikastaroa antolatzen dugu herriko plazan, festetan entzungo ditugun euskal dantzekin: zazpi jauzi, zortziko, arin arin eta fandangoa...". Dantza ikastaroa sortu zutenetik geroz eta jende gehiago hurbiltzen dela eta dantzatzera animatzen da, "eta giro berezia sortzen da".
Ba al dago Hiriberriko festetan ohitura bereziren bat? "Ez dakit hain berezia den, baina gaueko musikarien atsedenaldian, goizeko 3:00ak aldera, aulkien jokoa antolatzen dugu herriko plazan, eta aurreko urte batzuetan ere urdaiazpiko jaurtiketa egin izan dugu". Hiriberriko festak, gainera, "beti" ikasturteko lehen egunarekin bukatzen dira, eta horrek "nolabait" udako oporren bukaera markatzen duela esan du hiriberriarrak. "Nire ustez horrek ere egiten ditu berezi festak, udako giroari itxiera emateko erritual moduko bat bihurtu delako".
"Haurrek diote Hiriberriko zezensuzkoa berezia dela, urtero lurrera erortzen delako. Ez dakit zer izango duen herriko plazak, baina badirudi ez dela seguruegia zezenendako!". Festetan anekdota ugari izaten dira, baina zezensuzkoa urtero erortzea aipatuenetarikoa izanen da.
Hiriberriko festak "denondako goagarriak eta seguruak" izatea espero dute.