Sakanatik abiatuko da 63. Nafarroako Itzulia, afizionatuen mailako lasterketa entzutetsua. Maiatzaren 28tik 31ra jokatuko da, eta lau etapa hauetan txirrindulariek 571,5 km eta hamasei portu gogor gainditu beharko dituzte. Hemeretzi talde lehiatuko dira, lau nazioarte mailakoak. Lau talde nafarrek (Finisher, Rural Kutxa-Seguros RGA, Telco On eta Hostal Latorre-Ederlan) ez dute huts egingo.
Sinadurak, 12:45etik aurrera
Lasterketa Hiriberri-Arakilen hasiko da, gaur, maiatzak 28, osteguna. Txirrindularien sinadura ekitaldia 12:45etik 13:45era arte eginen da Hiriberriko San Martin plazan, taldeen aurkezpenarekin batera. Beraz, goiztik aurrera ikuskizuna izango da bertan. Neutralizatutako irteera 13:52erako deitu dute, eta tropela martxan jarriko da Zuhatzu eta Etxarren alderantz. Irurtzunera helduta, Mugirorantz egingo du. Lekunberri pasatuta, hirugarren mailako Berueteko gaina gainditu beharko dute txirrindulariek, eta aurrera eginda, hirugarren mailako Orokietako gaina iritsiko da ondoren. Saldiastik aurrera, Beintza Labaienera eta Doneztebera helduko dira, eta Ituren eta Auritz pasa eta gero bigarren mailako Basakabi igo beharko dute. Leitzara iritsita, bigarren mailako Huitziko gaina igo, eta Lekunberrira helduta, Oderitzera joko dute, bertan egongo baita helmuga. Guztira 143, 2 km-ko proba izango da.
Bigarren etapa nahiko laua da, Marcilla eta Ribaforada artean (140,7 km). Hirugarrena etapa nagusia izango da eta Erratzu eta Urdax/Urdazubi bilduko ditu (148,1 km), Saldias, Otsondo, Eskirasoi, Bagordi eta Orabidea gainak tartean dituela, eta laugarren eta azken etapa Iruñea eta Allo artean jokatuko da (133,6 km), Goñi, Girgillano, Lezaun, Eraul eta Olejua gainak tartean.