Uda Sakanan 2026

"Askotan pentsatzen dut mendiak ze ote duen horrenbeste betetzeko"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2026ko uztailaren 31

Anne Azkona Unanua mendian. UTZITAKOA

Mendira joatea terapia bat dela esan du Hiriberrin bizi den Anne Azkona Unanua gazteak; txirrindulan ibiltzea ere gogoko du

"Udan mendira joatea eta txirrindulan ibiltzea dut gogoko". Udan zehar, lana dela eta, astean zehar arratsalde erditik aurrera mendira joateko ohitura du, eta asteburuetan goizetan egitea gogoko duela esan du Hiriberrin bizi den Anne Azkona Unanuak.

"Egunero paseatzeko ohitura izan dut, gutxienez 30 minutuz, txakurrarekin". Mendi altuagoak edo txirrindula irteerak, aldiz, "astean bitan gutxi gora behera", egiten ditu. "Hainbat egunetako mendi trabesia lagunekin adostutako udako aste batean zehar izaten dira". Beraz, bakarrik edo lagunekin joaten da mendira Azkona, eta "bi moduetan izugarri disfrutatzen dut".

"Urteekin gehiago baloratu dut  mendiz inguratutako herri batean  bizitzea"

"Etxekoak" betidanik mendi irteerak egitea gustuko izan duten arren, Azkonak aitortu duenez, berari txikitan ez zitzaion "asko" gustatzen: "Urteekin gehiago baloratu dut mendiz inguratutako herri batean bizitzea". Orain, zaletasun honek bakea ematen diola esan du: "Eguna mugitua izan badut, lanetik deskonektatzen laguntzen dit".

Mendiz inguratuta bizitzeak urte osoan zehar mendi irteerak egiteko aukera ematen diola azaldu du Azkonak: "Zoragarria da urtaro desberdinetan mendiak hartzen dituen kolore, lore eta abarren aldaketak ikustea". Trinitatea, Gaztelu, Aralar eta Beriain mendietan ibiltzen da gehienbat orokorrean. Kanpora joaten denean Aizkorri eta Txindoki bezalako mendietara joaten da, eta udako oporretan, lagunekin, hainbat egunetako mendi edo txirrindula martxak egiteko ohitura dauka ere, "Euskal Herritik, Pirinioetatik, Asturiasetik...".

Mendira joateko zapatilla batzuk besterik ez ditu behar: "Korrika eta bakarrik banoa, musika jartzeko ohitura izaten dut". Aldiz, paseoan edo lagunekin joaten denean naturak eskainitako soinuak entzuten dituzte edota hitz egiten doaz. Pirinioetako trabesietarako material gehiago behar da: "Motxila, esterilla, lo zakua, akanpatzeko denda, kanpin gasa...".

"Askotan pentsatzen dut mendiak ze ote duen horrenbeste betetzeko eta hain ongi sentiarazteko". Berarendako "terapia" bat dela esan du, "eta, beraz, edonori gomendatuko nioke". Mota askotako mendiak daudenez, egun bakoitzean energiaren araberako mendi buelta ematea ahalbidetzen duela gaineratu du.