"Hiriberrin ez dago tabernarik, eta lokal bakarra Txitera elkartea da; festetan irekitzen da guztiok gozatzeko". Hala azaldu du Ibai Huarte Gonzalezek, elkarteko juntako eta jai batzordeko kideak, Txiterak herriko ospakizunetan duen tokia. Plazan txosna ere jartzen dute, eta bi gune horien inguruan biltzen dira hiriberritarrak eta festetara gerturatzen diren bisitariak.
Elkartea 1972an sortu zen, orduko gazteen ekimenez. Kontzejuari etxe bat eskatu zioten, eta auzolanaren bidez hasi ziren lokala egokitzen. Gaur egun 130 bazkide ditu: herritar gehienak, eta Hiriberrin bizi ez arren, herriarekin lotura estua duten hainbat pertsona.
Txiteraren jarduna, ordea, ez da jai egunetara mugatzen. "Sakanako herri txiki hauetan ez dago leku askorik lagunak elkartzeko, eta horrelako elkarte batek funtzio hori betetzen du", azaldu du Huartek. Urte osoan mahai jokoetan aritzeko, zerbait hartzeko eta bazkariak zein afariak egiteko erabiltzen dute. Igandeetan, gainera, bazkideak binaka txandakatzen dira 13:00etatik 15:00etara elkartea irekitzeko: "Publiko guztiarendako irekitzen da, bazkide ez direnendako ere".
Elkartetik plazara, jai giroa
Festetan, Txiterako ohiko antolaketa aldatu egiten da. "Bazkideok eta herritarrok festaz gozatu nahi dugu; horregatik, zerbitzari batzuek elkartea eta plazako txosna alokatzen dituzte". Elkartekideek gutxieneko baldintza batzuk ezartzen badituzte ere, arduradun horiek kudeatzen dituzte zerbitzua eta eskaintza. Ordutegiari dagokionez, gutxi gorabeherako irizpideak adosten dituzte: gaupasa egin, eta biharamunean berriz irekitzen dute, bermuterako; jenderik ez badago, lokala lehenago ixteko aukera dute.
Otorduak ere elkartzeko aitzakia izaten dira. Ostiralean herri bazkaria egin zuten, eta larunbatean, kuadrilla bazkaria; lehenengoan 130 lagun inguru biltzen dira urtero. Elkartean afaltzeko aukera ere badago, baina lekua mugatua denez, mahaiak kuadrillen artean zozketatzen dituzte. Elkartearen atzeko aldean parrilla gurpildun bat badago ere; festetan plazara eramaten dute otamena han egiteko. Urtearen gainerakoan, batez ere udan, elkartearen atzeko eremua bazkariak eta parrilladak egiteko erabiltzen dute.
Musika taldeek ostiralean eta larunbatean girotu dituzte festak; gauero zezensuzkoa egon da, eta haur jolasak zein puzgarriak ere prestatu zituzten. Larunbatean, gainera, erronda eta mozorro eguna egin zituzten. "Herriarekin lotura duten pertsona guztiak hurbiltzen dira, eta kanpoko jendea ere etortzen da; nabari da jende gehiago dagoela".
Jaietako diru sarrerekin, nagusiki, festetako gastuak ordaintzen dituzte. Horren guztiaren oinarrian, ordea, auzolana dago. "Elkarteak dena ez bada, asko suposatzen du herriarentzat. Herri txiki baten puntu neuralgikoa da; auzolanari esker sortu zen, eta auzolanarekin bizirauten du gaur egun ere", nabarmendu du Huartek.