Astekaria

"Autora igotzerakoan dena ahazten zait: ni, autoa eta errepidea gara"

Maider Betelu Ganboa

Alberto Villar Davilak aurten txuriz margotu du autoa, eta urdinez eta berdez errotulatu du. UTZITAKOA

Alberto Villar Davila Hiriberriko pilotua sekulako denboraldia egiten ari da Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketan eta Nafarroako Rally Txapelketan.

Urriaren 3an XLIV. Urbasako Igoeran lehiatu ziren pilotuen artean Alberto Villar Davila 29 urteko Hiriberriko pilotua zegoen. 2025ean hasi zen lehian BMW M3 E36 autoarekin, eta bi urte hauetan emaitza ederrak lortu ditu. Iazko denbora jaistea zuen xede. 

Noiz hasi zine automobilismoan?
Txikitatik motorraren mundua oso gustuko izan dut, eta horregatik automobilgintza ikasketak egin nituen. Lagunekin beti joan izan gara Urbasako Igoera mitikora, rallyetara eta lasterketetara. Autoak, motorrak... denetariko probetara. 

Zale izatetik autoa prestatu eta pilotu izatera pauso handia dago.
Momentu batean neure buruari esan nion: "hau nik neronek probatu beharra dut. Orain niri tokatzen zait autoa prestatu eta pilotua izatea". 2024an hasi nintzen autoa prestatzen. Urte bat eman nuen prestaketetan eta 2025eko Olaztiko Rallysprintean debutatu nuen, iaz. Sakana Motorsport eskuderiako bigarren saria lortu nuen, oso pozik. Eta lasterketen mundu honetan segitzen dut. 

Zergatik BMW M3 E36 autoa?
Etxean beti BMWak erabili izan ditugu. Atzealde potentea zuen BMW-a nuen gustuko, eta horregatik aukeratu nuen. Ez nuen karreretarako prestatua erosi, nik moldatu dut goitik behera. Gutxika hobetzen joan naiz. Iaz autoaren berezko kolorea, granatea, mantendu nuen. Aurten txuriz margotu eta koloreekin errotulatu dut, karreretako autoen antza gehiago izan dezan. 

"Urbasako Igoera mitikoa da, oso azkarra eta dibertigarria. Zale asko eta onak ditu"

Mekanikaria al zara?
Ez, familiako enpresan lan egiten dut, Avicola San Miguelen, Hiriberrin. Automobilgintza ikasketak primeran etorri zaizkit autoa prestatzeko. Dena aldatu nion: motorra, suspentsioa, frenoak... Piezak bilatzeko bigarren mailako eskuko merkatuan endredatu beharra dago, eta pieza berriak begiratu, beti ere duzun aurrekontuaren arabera. Ezagutza pixka bat izan beharra dago. 

2025ean hasi zinen Olaztiko Rallysprintean, eta hasieratik ongi aritu izan zara; emaitza politak dituzu.
Mundu honetan esperientziarik gabe hasi nintzen baina gauzak ongi joan zaizkit, egia esan. Gutxika hobetzen ari gara, bai autoa, bai pilotua eta baita kopilotua ere bai. 

Eneko Unanua da zure kopilotua rallysprintetan.
Eneko Hiriberriko laguna da, automobilismo zaletua. Nirekin lehiatzera animatu zen, hasieratik nitaz fidatu zen eta hementxe gaude. Feeling edo elkar ulertze handia dugu, eta hori oso garrantzitsua da; pilotatzeko orduan konfiantza handia ematen du. 

Rallyak, mendiko igoerak... zer nahiago?
Dena. Iaz Nafarroako Rallysprint Txapelketako eta Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketako proba guztiak egin genituen, eta aurten ere horretan gaude. Rallysprintean 10. klasean (FL) lehiatzen gara, eta igoeretan 3. klasean. Iaz igoeretan hobe aritu nintzen, baina aurten bi modalitateetan oso ongi gabiltza. Egun, Mendi Igoeren Txapelketan turismoen mailan bigarren nago, Ioar, Izpegi, Ibardin, Etxalar eta Lezaun igoeratan aritu eta gero. Eta Nafarroako Rallyen Txapelketan, FL (Formula Libre) kategorian lehena naiz, Olaztin, Genben eta Lesakan lehiatu eta gero. 

Gidari gisa, zein da zure helburua?
Lehiakorra naiz, baina automobilismoa zaletasun edo hobby gisa hartzen dut. Galtzen denean galtzen da, horrela ere ikasten da. Esan bezala, aurten denboraldia oso ongi doa. Gure klaseetan zenbait garaipen lortu ditugu, eta bigarren eta hirugarren posturen batzuk. 

Lasterketa batean, zenbateko garrantzia du duzun autoak eta zenbatekoa egiten duzun pilotutzak?
Guztia garrantzitsua da, ongi pilotatzea eta auto ona izatea, potentzia handia duena, freno onak, suspentsio ona... Eguraldiaren arabera erabili beharreko pneumatikoak ongi aukeratzea ere. Faktore asko daude. Mundu honetan, gainontzekoetan bezala, praktikatzea, eta interesa eta gogoak izatea garrantzitsua da. Eta zorte pixka bat izatea, hori ere bai. 

Jaizkibel Igoeran arazoren bat izan zenuen. 
Enbragea apurtu zitzaidan. Bi entrenamenduak egin nituen baina lehen mangan ezin izan nintzen atera. Urbasako Igoerarako prest zegoen. 

"Aurten bi modalitateetan, rallyetan eta mendi igoeretan, ongi gabiltza"

Sakana Motorsport eskuderiako pilotua zara. 
Sakanan eskuderia izanda, bertan eman nuen izena, jakina. Harreman ona dugu. Nire kuadrillako Miguel Anton ere pilotua da, Sakana Motorsportekoa. Lasterketa guztietara elkarrekin joaten gara, kuadrillarekin. 

Zein da gogokoen zenuen lasterketa edo proba?
Olaztiko Rallysprinta, etxean delako, denboraldiko lehena delako eta nire lehen lasterketa izan zelako; eta Urbasako Igoera, jakina. Urbasako Igoerak ilusio berezia pizten dit, txikitatik ikustera joaten ginelako. Iaz lehen aldiz aritu nintzen eta nire helburua lortu nuen, 4 minutuetatik jaistea (3:59.363). Aurten, denbora hori askoz ere gehiago hobetzea zen asmoa, Nafarroako Mendiko Txapelkeltan bigarren postuan nagoelako. Urbasakoa azken lasterketa puntuagarria da, eta denbora ona egitea eta proba bukatzea, hori zen xedea. Bigarren postuan geratu naiz azkenean. 

Zer du Urbasako Igoerak zaleek horren gustuko izateko?
Urbasakoa igoera mitikoa da, oso azkarra eta dibertigarria. Zale onak ditu, jende asko dator ikustera. Jende asko ezagutzen duzu bertan, eta etxean bezala zaude. Beste lasterketa batzuetan jende gutxiago biltzen da, baina aurrera ateratzen dira, hori da garrantzitsuena. 

Urbasako Igoerak hasieran gune azkarrak ditu eta erdialde aldera ferra bihurguneak. Lasterketa ona egiteko, zein da gakoa?
Denbora irabazteko gune azkarretan fin aritu beharra dago, ahalik eta azkarren joan. Hori da gakoa, eta ferra bihurguneetatik azkar ateratzea. Nire klasean maila handia zegoen; konpetentzia handia egon zen. Podiumera igotzea polita da, zalantzarik gabe, baina zaila, eta ez zen posible izan. 

Autoa prest izateko ordu asko sartuko zenituen.
Bai, autoa lasterketa baterako prest egoteko ordu asko sartu behar dira, eta diru asko. Finean, lasterketara iristerako autoa puntuan egotea nahi izaten dugu, eta lasterketa bukatzea. Erdizka geratzen zarenean zapore txarrarekin geratzen zara. 

Nolakoa da zuretako lasterketa egun bat?
Oinarrian, lagunen arteko egun pasa bat. Kuadrillakoak laguntzera etortzen dira, eta egun pasa polita egiten dugu. Asistentzian gustura egoten zara. Zurrunbilo handia egoten da lasterketetan, baina ni nahiko lasai egoten naiz. Autora igotzerakoan dena ahazten zait: ni, autoa eta errepidea gara. 

Urbasako Igoera egun polita da Olaztin. Giro polita, jende asko, autoak gertutik ikusteko aukera... Jendea zuen autora gerturatzea nola daramazu?
Egun polita da. Asistentzian gaudela jendea autora gerturatzearekin nik ez daukat inolako arazorik. Autoan lan egiten ari garenean eta arriskutsua denean izan ezik, jakina. Gainerakoan, arazorik ez. 

Zer da automobilismoa zuretako?
Bizimodu bat, zaletasun bat, lasterketa asteburuetan disfrutatzea... hori guztia. Etxekoei beldur pixka bat ematen die, baina kirol honekin gozatzen eta pozik ikusten nautenez... aurrera.