Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urte hasieran mustu zuen Jon Barbarinek Locus desertus antzezlana Irurtzunen. Ia urte betean arakildarrak zenbait herritara eraman du antzerkia eta dantza uztartzen dituen lan berritzailea: Leitza, Zizur, Lizarra, Etxarri eta abar. Argentina du hurrengo helmuga. Abenduaren 4tik 13ra V. Iberoamerikako Antzerki Jaialdia ospatuko da Mar de Platan. 300 lanen artean sailkatu eta gero, jaialdian parte hartuko duten 45 egitasmoen artean dago arakildarrarena. Herrialde askotariko antzezleek parte hartuko dute bertan; "esperientzia polita izanen da niretako" esan zuen Jon Barbarinek Beleixe irratian. Diru laguntzak lortzen saiatu da ihabartarra, emaitzarik gabe. Kultura aurrekontuen mozketa salatu zuen antzezle eta dantzariak; "administrazioaren laguntzarik gabe, kulturak ez du irtenbide profesionalik" salatu zuen.