Ibilgailuen abiadura murrizteko neurriak

Guaixe 2010eko ekainaren 7a

Behar baino abiadura handiagoan pasatzen dira ibilgailuak Ihabartik. Hala pentsatzen du kontzejuak eta, horregatik, auto, autobus eta traktoreen abiadura murrizteko neurriak hartuko ditu. Herriaren sarreretan zebrabide goratu bana jarriko du aurten. Dagoeneko lanak egiteko Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso du Ihabarko Kontzejuak. Ibilgailuek Ihabar zeharkatzerakoan daramaten abiadura handia ez da kezka berria Ihabarren. Kontzejuak bere kabuz herri sarreretan abiadura moteltzeko porlanezko hiruna lerro jarri zituen. Nafarroako Gobernuak 2003an haiek kendu arazi zizkien. Dagoeneko 2004an eskatu zion Ihabarko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari zebrabide goratuak jartzeko.