Gaiarre antzerki zikloari agur

Guaixe 2011ko ekainaren 3a

Jon Barbarin eta Izaskun Mujikaren La llave maestra taldeak itxiko du Iruñeko Otras Miradas, Otras Escenas Antzerki Jaialdia. Ihabartarren taldeak Delirios de papel antzezlana mustuko du gaur, iluntzeko 20:00etan. La llave maestra antzerki talde esperimentalak papera berdefinitu nahi izan du: idazteko eta marrazketarako erabiltzen den materiala eszenatokira eramanen dute eta Delirios de papel antzezlaneko protagonista nagusia bilakatuko da. Antzezlan orijinala eta harrigarria eginen dute, ikusleen alde ludikoa piztuko duena. Ordubete inguruko emanaldian, hitzen beharrik gabe, paperezko txotxongilo eta maskaren bidez hamaika istoriotxo komiko, xelebre eta iradokitzaile kontatuko dituzte. Ikusleak ametsetako bidaia surrealistan murgilduko dira.Jon Barbarin, Izaskun Mujika, Patxi Larrea, Edurne Rankin antzezleek eta Alvaro Morales zuzendari txiletarrak sortu zuten antzerki talde esperimentala. Nafarroako laukoteak 2010ean hasi zuen ibilbidea. 2011n haiekin bat egin du Aintzane Baleztenak eta taldeak La Llave Maestra izena hartu du. Taldekideek esperientzia handia dute antzerkian, clownean, zirkoan eta dantzan. Antzerki fisikoa eta bisuala egiten dute. Iaz Bestiario zikloa mustu zuten Iruñeko Gaiarre antzokian. Hiru pieza esperimental laburretan maskaren eta objektuei bizia emateko saiakera egin zuten. Lan haien arrakasta ikusirik, La llave maestra antzerki taldeak bi lan luze sortu ditu, Bestiario eta gaur mustutzera doazen Delirios de papel. Barbarin eszenatokira igoko da. Izaskun Mujika, berriz, kudeaketaz arduratuko da.Taldeak Nafarroatik kanpo bira egiteko asmoa du.