Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ihabarko antzerki taldeak Shakespeare-ren Sueño de una noche de verano antzezlana eskaini zuen larunbatean bere herrian. Arakildarrek festa bezperan mustu zuten laugarren antzezlana. Ohi bezala, Arakilgo udazkeneko kultur agendan, atzera ere, zuzenekoa eskaini zuten. Normalean Irurtzungo kultur etxean egiten dute udazkeneko emanaldia, aurten ordea Ihabarren geratu dira "batetik, antzezlanak eszenatoki berezia eskatzen zuelako eta Ihabarko elizako korta oso toki egokia delako; eta bestetik, udan emanaldi bakarra eskaini genuelako eta ihabartarrak gogoekin geratu zirelako". Ikusleen erantzuna ikusita, argi dago erabaki ona izan zela. Ihabarko elizaren atzeko karrika arakildarrez eta sakandarrez bete zen. "Eguraldia lagun, 200 bat ikusle egonen ziren eta oso ongi pasatu zuten" azaldu ditu Ion Barbarinek, Ihabarko taldeko zuzendariak. Ihabarko taldearen antzezlanak gero eta zailagoak dira, baina 20 antzezleek primeran erantzuten dute. Aurten, lehen aldiz, 4-5 eta 7-8 urteko haurrak ere antzeztera animatu dira. Lisandro, Hermia, Demetrio eta Helenaren arteko maitasun gora-beherek eta pertsonaia komiko eta magikoen ateraldiek ikusleen barre algarak piztu zituzten. Lau urteren ibilbidearen ondoren, ihabartarren antzerkirako gaitasuna ahoz aho zabaldu da Sakanan. Horrela, antzezlanak "festa bihurtzen dira". Jaia behar bezala amaitzeko, Arakilgo Udalak txistorra-jana antolatu zuen. Horrela agurtu zuten ihabartarrek ikasturtea, datorren urtera arte.