Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jon Barbarin eta Izaskun Mujika ihabartarren La Llave Maestra taldearen Bestiario antzezlanak Europako Quality Label 2012 zigilua jaso du. Europako Antzerki eta Mimo Sareak eman dio saria, "ikuskizunaren kalitate poetiko eta bisualagatik" eta "elementu eszenikoen nahasketa aberasgarri eta berritzaileagatik". Izendapena Europako zortzi konpainiek baino ez dute jaso. Horietako lehen hiru sailkatuek Europako biran parte hartzen dute. Laugarren postuan sailkatuta, sakandarrak gutxigatik geratu dira kalean.La Llave Maestra antzerki fisiko eta bisual taldea da. Antzezleek aurpegi osoko maskarekin eta objektuen animazioarekin jolasten dute. Horrela ikuskizun poetiko harrigarriak eta jostagarriak egiten dituzte. Ikuslea irudimenezko eta ametsezko mundura daramate. Horretan ahalegindu dira taldearen bi antzezlanetan: Delirios de papel eta Bestiario lanetan. Azken horrek jaso du Europako kalitate ziurtagiria. Jon Barbarinek jakin digunez, "Poloniako antzerki bisualeko jaialdi batera antzerkiaren erreferentzia bidali genuen. Ez genuen lortu jaialdian parte hartzea, baina izendapena hortik etorri da". Izendapenak "Europako ateak irekitzea" espero dute. Bestalde, jakinarazi digunez, "udan Txilera joateko asmoa" dute. Hangoa da taldeko zuzenari Alvaro Morales. Peruko jaialdian ere parte hartzekoak dira. Antzerkian, clownean, dantzan edota zirkoan eskarmentu handia duten artistek osatzen dute taldea. Jon Barbarin eta Izaskun Mujikaren taldekideak dira Patxi Larrea eta Edurne Rankin aktoreak eta Alvaro Morales zuzendaria. Gorka Pastor eta Aintzane Baleztena aktoreen laguntza ere izaten dute.