Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abendua hasierako zubian etxean geratu behar direnek, aisialdirako aukera ugari dute Irurtzunen. 20:00ak aldera, kalera aterako da Ihabarko batukada. Arakildarrek erritmo dantzagarriak zabalduko dituzte Irurtzungo karriketan. Ekitaldia Pikuxar euskal txokoak eta Plazaola, El Viejo, La Moncloa eta Amaya tabernek antolatu dute. Jai giroak segida izanen du herriko tabernetan, DJ, akordeoilari eta bestelakoekin. Ihabarko batukada taldea berriki sortu da. Herritar talde batek perkusio emanaldi inprobisatua egin zuen herriko festetan. Hori ikusita, Jorge Ortega batukada irakasleak taldea sortzeko proposamena egin zien. Ostegunero, 19:00etatik 21:00etara 15 bat lagun biltzen dira. Biharkoa izanen dute lehen emanaldia. Beste batukada talde bat Ez da erraza izan batukadan interesa zuten guztiei ongi zetorkien ordua aurkitzea, eta batzuk kalean geratu dira. Pena hori du Jorge Ortegak. Arakilgo beste herri batzuetan ere interesa duen jendea dagoela jakinda, ez du baztertzen beste entsegu egun bat jartzea. Elkarrekin joko lukete.