Parte hartze handia hondakin bilketari buruzko batzarrean

Guaixe 2012ko abenduaren 26a

Aurreko ostegunean 30 ihabardar bildu ziren hondakin bilketa sistema berriaren inguruko informazio batzarrean. Ihabarrerako auto- eta auzo konpostajea eta etxez etxeko bilketa proposatu ditu Sakanako Mankomunitateak. Gaur egun herrian 4 puntutan banatutako 7 edukiontzi berde, 4 hori eta 3 urdin daude. Horren ordez Mank-en proposamena da Ihabarren egurrezko bi etxola jartzea eta haren barruan hiruna edukiontzi jartzea. Baina edukiontzi berdearen ordez gris bat egonen litzateke, errefusa biltzeko. Ihabardarrek bilkuran hirugarren etxola bat jartzea proposatu zuten. Bestalde haien kokapena zehazteko hurrengo bilera baterako hitzordua jarri zuten. Bestalde, konpostatzeari buruzko azalpenak ere eman zizkien Mank-eko informatzaile Jon Estonbak. Ihabardarrek interesa azaldu zuten gaian. Mank-ek jakinarazi duenez, interesastuek dagoeneko aukera dute konpostatzaileak eskatzeko (948 4646 867 edo info@sakana-mank.com). Mank-eko informatzaileek konpostatzeari buruzko gida eta zalantzak argitzeko hiztegiak banatu zituzten.