Ander Huarte Arano, 16 urte azpiko Nafarroako Selekzioko jokalari ihabartarra

Guaixe 2014ko martxoaren 28a

1. Nafarroako Selekzioarekin Murtziara joan zarete otsailaren 27tik martxoaren 2ra. Zer moduz joan da?
Esperientzia berezia eta ona izan da. Jokatu ditugun partida guztien artean, bat irabazi eta beste bat berdindu dugu.  Nafarroako beste taldeetako jokalariekin jokatzea berria izan da guretzat eta jendea ezagutzeko aukera eman digu. Nafarroatik kanpo jokatzeak ere badu bere xarma, polita izan da. Murtzian konturatu ginen, futbolean jokatzeko modu bat baino gehiago dagoela eta horrek, pertsonalki zelaian jolasterakoan esperientzia gehiago izatea ahalbidetzen du.

2. Noiz jaso zenuen Selekziotik lehen deia eta noiztik ari zara eurekin jokatzen?
Joan den urteko urrian jaso nuen lehen deia. Denboraldia hasia genuen, bakoitza bere taldearekin ari ginen jokoan. Espainiako gainerako selekzioekin norgehiagoka prestatu zutenez, deialdia ere horrekin batera iritsi zen. Orain arte, denboradian bi aldiz izan gara selekzioarekin. Lehena, Murtxanten izan genuen, eguberrietan. Bigarrena, Murtzian, aste txuriarekin batera.

3. Entrenamenduak non egiten dituzue?
Larrabideko kiroldegian, Iruñean aritzen gara norgehiagokak prestatzen. Partidak baino lehenagoko asteetan egiten ditugu hitzorduak. Muskulazioa landu eta bereziki prestatzen gaituzte lehian aritzeko. Ohiko entrenamenduak baino gogorragoak izaten dira eta gehiago landu behar izaten ditugu teknikak. Espainiako txapelketa jokatzeak gehiago exijitzen digu fisikoki eta baita mentalki ere.

4. Nafarroako talde askotako jendea ari zarete. Gehienak hori bai Iruñerrikoak.
Osasunako jokalariak dira gehienak, nabarmenki. Eta bada arrazoirik horretarako. Izan ere, hein batean talde horrek biltzen ditu Nafarroako jokalari onenetarikoak. Baina, beste taldeetakoak ere deitzen gaituzte, ez baitago onartua talde bereko jokalariak izatea guztiak, txapelketaren arauen artean dago jasoa dago hori. Talde bereko hiru jokalari egon daitezke gehienez ere norgehiagoka batean zelaian. Adin txikiagoko bi jokalarik ere derrigorrez jokatu behar dute. Osasunako jokalariez gain hortaz, Donibanekoak, Burlatakoak, Txantreakoak, Tafallakoak eta Oberenakoak gaude.

5. Sakanako bi lagun ere elkartu zaituzte Nafarroako Selekzioak?
Bai. Murtziara joan ez den arren, arbizuar bat eta ihabartar bat izan gara Murtxanten. Ibai Armendarizekin jokatu genuen Kataluniako Selekzioaren aurka eta Errioxakoaren kontra. Partida zailak izan ziren biak ala biak. Jokalariak oso prestatuak daude eta lehiatzeko kemen ugarirekin aritzen dira. Kataluaniako selekzioak aukera gehiago ditu jokalari hobeak izateko, izan ere, lurralde handiagoan egoteak aukera zabalagoak eskaintzen dizkie.  Hori izan zen oraingoaz, talderik indartsuena garaitzeko.

6. Bi talde horiez gain, noren aurka lehiatu zarete?
Murtziaren aurka eta Ceutaren kontra ere aritu gara. Talde horiek, gurekin alderatuta, antzeko maila dute eta aukera handiagoa izan genuen jokoan eroso aritu eta irabazi ahal izateko.

7. Noiz izanen duzue hurrengo norgehiagoka?
Oraindik data zehatza ez dugun arren, Espainia mailan antolatzen direnez, antolaketaren araberakoa izanen da. Gehienetan opor egunak hautatzen dituzte txapelketak antolatzeko. Modu horretan, jokalariek aukera izaten dugu eskolak galdu gabe kanpora joateko. Profesionaletan gertatzen den moduan, gurean ere, Espainia mailako txapelketak antolatzen direnean ohiko liga eten egiten da.

8. Taldeen arteko norgehiagoka horietan, noraino iritsi daiteke Nafarroako Selekzioa?
Txapelketa irabazteko aukerak ia agortuak ditugu, baina ez gara guztiz postu txarrean geldituko. Lehenengo fasean, ez genuen punturik lortu eta horrek jarri gaitu zailtasunean. Bigarrengoan aldiz, lau puntu lortu genituen. Azkeneko fasera pasatzea ez da erraza izanen, baina batek daki.

9. Osasunan ere jokatu duzu. Zure borondatez itzuli zara Donibane taldera. Zergatik hartu zenuen erabaki hori?
Osasunan astean lau egunez joan behar izaten genuen entrenatzera. Guztira, hiru ordu behar izaten nuen eguneko entrenamenduetarako. Ikasketekin partekatzeko zailtasunak izan nituen eta gainera, Osasunan eskatzen den maila lortzeko esfortzu handiegia eskatzen dela uste dut. Gauza asko utzi behar dira alde batean, eskatzen duten maila eman ahal izateko. Nik nahiago izan nuen, gutxiago entrenatu eta futbolean aritzen nintzenean, presiopean izan ordez, disfrutatzeko aukera izatea. Osasunan, irabaztea da helburua. Gainerako taldeetan ere bai, baina beste modu batean hartzen dute lehiaketa.

10. Erabaki hori hartuko zenuke berriro?
Egia da Osasunak aukera handiagoak eskaintzen dizkizula futbolari gisa aurrera egin eta teknikak zein jolasteko moduak zabaltzeko. Horrek hein batean, orain, erabakia hartzeko unean, zaildu eginen lidake, baina, garai hartan nuen adinarekin eta eskatzen zuten errendimenduarekin onena egin nuela uste dut. Orain, berriz aukera emanen balidate Osasunara itzultzeko, behin baino gehiagotan hausnartu beharko nuke, ez nuke berehalakoan ezezkoa emanen, ez eta baiezkorik ere.

11. Futbolean jokalari gisa nabarmentzea ez da erraza izaten. Zuk ordea lortu duzu hein batean. Zer espero duzu etorkizunean?
Gustatzen zaidalako aritzen naiz ni futbolean. Nire helburua ez da beste edonor baino hobea izatea, baina bai aldiz, nire onena ematea. Horregatik, esfortzua eta entrenamendua oso garrantzitsuak dira futbolari gisa hazten segitzeko. Gutxika gora egiten saiatuko naiz, zaila dela jakin arren, goi mailara iristeko esperantza ez dut galtzen.