Antzerki taldea lanean

Guaixe 2014ko abuztuaren 5a

Pasa den urtean On Kixoteren bertsio berezi bat antzeztu zuten.

Zazpigarren urtez segituan ihabardarrak uda partean antzerki emanaldia prestatzen ari dira. Jon Barbarin Lisarriren esanera jarri dira 14 ihabar heldu eta haur eta uhartear bat. Guztien artean Angel Saguesen Una aventura en la basura kale-antzezlana prestatzen ari dira.

Barbarinek esan digunez, piraten istorioa da prestatzen ari direna: “abenturazko obra bat, antzerkia antzerki barruan azaltzen duena. Obra komikoa da”. Jendaurrean garbitzaileak, italiar familia, bidaia, piratak, altxorraren bila ari direnak, monarkia eta beste agertuko dira.

Garagarzaro hasieran hasi zituzten entseguak, baina zuzendariaren lana dela eta, gora beherak izan ziren eta garilean heldu diote berriro. Normalean festen aurreko asteburuan egin dute antzezpena. Eta aurten ere asmo hori zuten, baina ez badira iristen festen ondoren emanen lukete.