Ikasitakoa erakutsiko duten antzerki ikasleak

Guaixe 2015ko mar. 13a, 12:15

Larunbatean, 20:00etan eta 20:45ean Ihabarko kontzeju-etxean Arakilgo antzerki tailerreko ikasleak ariko dira

Antzerki gau-jaia antolatu du Arakilgo antzerki tailerrak ikastaro akaberarako. Jon Barbarin irakaslearen esanetara bederatzi ihabardar aritu dira interpretazioa lantzen eta ikasten. Azaroan hasi eta otsailera arte astelehenero antzerkigintzan trebatzen aritu dira eta ikasitakoa erakusteko garaia heldu zaie.

Bost antzezlanen eszena laburren binakako interpretazioekin osatu dute biharko antzerki gau-jaia. Eszena bakoitzaren aurretik Barbarinek ari buruzko argibideak emanen ditu eta ondoren, hamar bat minutuz, antzezleen txanda izanen da. Haiek Federico Garcia Lorcaren La Casa de Bernarda Alba, Jose Sanchis Sinisterraren !Ai Carmela!, Alfonso Zurroren Farsas Maravillosas, Franca Rame eta Dario Foren La mujer sola eta Aristides Vargasen La edad de la ciruela antzezlaneko laginak eskainiko dituzte.

Antzoki bihurtuko den kontzeju-etxeko kamara beltzean aktoreek aulki batzuk besterik ez dituzte antzezpenean lagun izanen. Jendaurrean izanen dira: Kontxi Astiz, Pello Astiz, Mikel Jimenez, Nerea Uharte, Miren Uharte, Jaione Astiz, Mari Cruz Irurtzun, Lupi Irurtzun eta Imma Jaka.