Barbarin Zapatilla gorridun mutikoa antzezlana prestatzen

Guaixe 2015ko ira. 13a, 10:52
Jon Barbarin Lisarri ezkerretan Garbi Losada entzuten.

Ados teatroa bere antzezlan berrian Burlatako kultur etxean prestatzen ari da agorrilaren 24az geroztik. Zapatila gorridun mutikoa du izenburua obrak eta lastailean aurre-estreinaldia egin nahi du konpainiak. Hura prestatzen Montse Zabalza Iriarte, Txori Garcia Uriz, eta Jon Barbarin Lisarri aktoreak ari dira, Garbi Losada eta Javier Asinen esanetara.

Publiko guztiei zuzendutako maskara hizkerako keinu-antzerkiko obra da Burlatan sortzen ari direna. Beraz, aktoreek emozio egoera bat gorputz keinuen bidez transmititu behar dute. Losadaren proposamenen gainean aktoreek inprobisatzeko aukera dute. Bertha Bermudezen koreografia bat antzezlaneko gakoa izanen da. Obrak Luisen bizitza errepasatzen du: mutilen gauzak egitea gustuko ez zuen mutilarena; gaztetan goxoa eta ameslari bihurtu zena; heldutan maitemindu eta zahartzarora iritsiko dena. Barbarin ihabardarrak antzerki mota horretan badu eskarmentua, Garciarekin batera Amico obra antzeztu izan baitu.

Konpainia pasa den urtean hasi zen obra prestatzen. Baina urte akaberan bere senarrak Koldo hil zuen, Losadaren anaia eta konpainiako kidea. Ordura arte landutakoari beste ikuspegi bat eman nahi izan zioten: ezberdintasunarekiko errespetua. Hala, umore klabean, eta bere bizitzako lau adinak ibiliz, Koldori Ados teatroak egindako omenaldia bihurtuko da obra.