Donezteberen omenezko jaiak

Maialen Huarte Arano 2015ko abe. 26a, 09:16

Egun, abenduaren 26an ospatzen dute Ihabarren Doneztebe eguna. Garai batean herriko jai nagusiak ospatzen zituzten data horren bueltan.

Herriko festa nagusiak abenduan izaten zituzten ihabartarrek. Doneztebe dute herriko zaindari eta haren eguna abenduaren 26 da. Hori horrela, egun horren bueltan jai handiak ospatzen zituzten herrian, santuaren omenezko mezarekin batera. Orain ere egun hori gogoratzen da. Abenduaren 26ak jai eguna izaten segitzen du herritarrendako. Meza nagusia antolatzen da eta egun osoko egitaraua ere bai. Haurrendako eta helduendako bana bazkari prestatzen dituzte. Aurten gainera, haurrendako tailerrak ere izanen dira. Kantuan arituko dira bazkal ostean eta dantzaldia ere izanen dute. Larunbatarekin tokatu da aurten Doneztebe eguna.

Horren aurretik baina, Olentzero ere herrira iritsiko da. Gurdi gainean, ikazkina Beriain menditik behera iristen da. Arratsaldeko sei terdiak aldera egiten du bisita herrian. Gurdia bete opari jaisten da. Laguntzaileak ere badakartza, menditik Ihabarrerainoko bidea argitzen dizkioten lagunak suziak eskuetan dituztela. Txistuaren erritmoan, Olentzerok jendea kantuan entzun nahi izaten du. Ihabar herria zeharkatzeko du, kalez kale kalejira giroan. Plazara iritsitakoan, opariak banatuko ditu.

Gabonetarako ere ez dute egitarau makala Ihabarren. Badira urte batzuk zenbait ekimen antolatzen direla. Pelikulak eta dokumentalak jartzen dira herriko etxean ikusgai. Hala, hilaren 25ean Invisibles dokumentala izanen da, 20:00ean. Ilbeltzaren lehenarekin euskara 365 egun bideo proiekzioa eta Relatos Salvajes filma ikusteko aukera, 20:00ean. Ilbeltzaren 3an talo tailerra izanen da 18:30ean. Ilbeltzaren 6an Minerita eta Humana dokumentalak izanen dira. Azkenik, hilaren 9an larunbatarekin Del Reves pelikula jarriko dute.