Historiaren zilborra: Ihabar

Guaixe 2016ko abu. 19a, 09:05
Aurreko urte batean On Kixotek Ihabar bisitatu zuen.

Larunbatean, 22:00etan, eta igandean, 21:30ean.

Planetaren sorreratik hasi, bonbillaren aurkikuntzarekin segi eta gaur egunera arteko historiako beste makina bat kontu... guztiak Ihabarren pasa dira. Eta guk jakin ez! Horregatik, Ihabar historiaren zilborra da. Hori da, gutxi asko, Ihabarko antzerki tailerrak aurten antzeztuko duen lanaren argudioa.

Jon Barbarin zuzendariaren esanetara joan den astean hasi ziren antzezlana prestatzen. Barbarinek azaldu digunez, hainbat esketxez osatutako pieza izanen da. Eta bakoitzean Ihabarko, hau da, munduko historiaren pasarte baten berri kontatuko da. Aurkezle batek, zientzialari erotik asko duenak, aurkeztuko ditu esketxak. Zuzendariak aurreratu duenez, obrak keinu antzerkitik asko izanen du.

Taldean lan egiten ari badira ere, obrak hainbat esketx dituenez, aktore talde txikiekin lan egiteko asmoa ere badu Barbarinek. Izan ere, 18 bat aktore ditu zuzendariak bere esanetara; 14 ihabardarrak dira, uhartear pare bat eta irurtzundar eta satrustegiar bana daude. Bederatzigarren aldia da antzerki tailerrak festen aurreko asteburua bere emanaldiekin girotzen duena.

Erlazionatuak