Irañeta anai-arrebak omentzeko eguna

Guaixe 2016ko urr. 21a, 09:19

Bihar, 13:30etik aurrera.

Carmen eta Patxi Irañeta Goikoa anai-arreba ihabardarrak omenduko dituzte sorterrian bihar. Duela 40 urte biek Kolonbiako bidea hartu zuten, hango komunitateetako jendea laguntzeko. “Euren eskuzabaltasunagatik eta zintzotasunagatik” ihabardarrek bien memoria berreskuratu nahi du biharko omenaldiak.



Bietan zaharrena Carmen zen, ospitalean erizaina zen. Patxik, berriz, nekazaritza-peritu ikasketak egin zituen Atarrabian. Victor Juango ihabardarrekin, Azkoiengo beste erizain batekin eta Zaragozako batzuekin Kolonbiara joan ziren, “jendea kooperatibetan, nekazaritzan, osasun arloan laguntzera”. Kolonbia zergatik aukeratu zuten galdetuta, Juangok azaldu digunez, Pedro Casaldáliga Plá gotzain eta poeta Brasilen zegoen, “gizon ona. Hara joan behar genuen, baina lur-jabe handiek misiolari bat hil zuten eta klaretarrek hara ezinen genuela joan esan zuten. Kolonbiara joatea hobea zela ikusi zuten, hango komunitateek ateak ireki zituztelako”.

1976 urtea zen. Garai hartan gobernuz kanpoko erakunde gutxi zeudela gogoratu du Juangok. “Lan egitea oso zaila zen. Klaretar misiolariek ardura hartu zuten eta gu guztioi ateak ireki zizkiguten. Beraiekin lan egitera joan ginen, baina gu laikoak ginen. Lana egiteko zegoen. Eta oraindik berdin dago. Dena egiteko dago”.

Hiru lanetan aritu ziren alfabetizazioa, osasun arloan prebentzioan eta nekazaritza sistemak hobetzen. “Prebentzioa haien belarrak eta gauzak hartuta egiten zen”. Juangok azaldu digunez, komunitateekin lan egiten zuten: “klaretarrek antolakuntza pixka bat bulkatzen ari ziren. Han ez dago biderik. Oihanean ezin daiteke ibili. Oso baztertutako lekutan zeuden herriak eta gu han sartu ginen”. Hura “ahaztuta” zegoela azpimarratu digu: “politikoak hauteskunde garaian doaz eta gero ez dira inoiz hurbiltzen”. Bertakoak “jende jatorra baina oso pobreak” zirela gogoratu du.



Choco aldean aritu ziren. “Kolonbia iparraldean dago, Panamako mugan. Atlantikoa eta Barea ozeanoen artean dagoen departamentu bat da. Handia da. Erdian Atrato ubeldea dago”. Joan zirenean ENL gerrilla eta paramilitarrak opatu zituzten. “Choco aldean ez ziren sartu. Jende guztia kontrolatzen zeuden. Egun batean gazte bat proiektu bat ikustera etorri zen. Joaterakoan esan zigun gerrillaria zela eta zertan ari ginen ikustera etorri zela. Gustatu zitzaion egiten ari ginen alfabetizazio eta osasun lana”.

Carmenen heriotza
Patxi aurreneko bi urteak Jilgalen egon zen, Iruñeko Jose Ibañezekin (nekazarien alde lanean zela hil zuten). 1978ko udan Choco utzi eta Bogotako Bolibartar Unibertsitatean landara egokitutako antropologia ikastarora joan ziren, 20 egunerako. Tropikotik Bogotako alturara igo ziren eta Carmen sukar handiarekin gaixotu zen. Ospitalera eraman zuten. Paludismoa zen. “Hirugarren egunean medikuek esan ziguten oso gaizki zegoela eta ezin zitekeela ezer egin. Ebakuntza-gelako gaitza hartu zuen”. 1978ko garilaren 8a zen.

Kolpe handia hartu zuten. “Patxi Chocon zegoen. Komunikazio oso txarrak daude. Irrati-igorgailuz jakinarazi genion. Hura iritsi arte hiru egun egon ginen ospitalean”. Carmeni Bogotan eman zioten lur. Ordurako Nikaraguako iraultza hasia zen eta, “horregatik, Patxi ez zen Bogotara joan, Nikaraguara joateko asmoa baitzuen”.



Juangok eta gainerakoak hiruzpalau urte gehiago segitu zuten Kolonbian. Patxi familiarengana etorri zen Ihabarrera. Baina Chocora bueltatu zen. Han bi hilabete eman eta Panamara zeharkatu zuen, Nikaraguara joan zen.

Nikaraguan
“Lanera joan zen. Orduan bere bidea han zegoela esan zuen”. Nekazaritza lanak egin zituen: “nekazaritza ekologikoarekin eta sendabelarrekin hasi zen. Laguntzen, erakusten. Lekaleak eta hango gauzak hobe sartzen”. Juangok dioenez, “hura herriko bat bezala sartu zen eta jendeak asko maite zuen. Hango bat zen, ez hemengo bat. Beren ohiturak hartu, lan egin eta abar”. Juangok aipatu duenez, “hemengo jende askorekin zegoen han. Leku guztietan sartuta zegoen. Gauza onak egin zituen. Nekazaritza asko berritu zuen, jendeak hobe nola jan behar duten erakutsi, sendatzeko landareak nola erabili… halakoak”.

Hondurasen, Tegucigalpa hiriburuan, ikastaro bat zegoela eta hara joan zen. “Hegazkin handi bat, Junbo bat, lur hartzean mendi bat jo zuen eta han hil zen bidaiari guztiekin”. 1989ko lastailaren 21 zen. “Kolpe handia izan zen”.



Egitaraua
13:30ean Ezkila errepika.
14:30ean Aurkezpena eta omenaldia.
15:00etan Bazkaria*.
19:00etan Dokumentalaren proiekzioa**.

*110 pertsonek eman dute izena.
**Bihar salgai izanen da, gero sarean.