Dohaintzen bidez sortutako liburutegia

Maialen Huarte Arano 2016ko abe. 16a, 12:00

Bizilagunek euren etxeetako apalategiak liburuz hustu eta herriko liburutegia bete dute.
Kontzejuaren ideia izan da. “Guztiok etxeko apalategian inoiz berrirakurriko ez ditugun liburuak besteen esku jar ditzakegu”, pentsatu zuten. Eta esan, eta egin. Etxez etxe liburuak eskatu eta herritarrek herriko etxera eraman dituzte. Apalategiak txukundu eta pixkanaka betetzen ari dira. “Mila liburu ingururekin zabaldu ditu ateak liburutegiak”, adierazi dute liburuzainek. Liburu bereziak, politak, potoloak, mardulak, finak, interesgarriak, erlikiak, betikoak, berriak, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez …. Denetarik aurki daiteke apalategietan begiratuta.

Abenduaren 4an mustu zuten proiektu berria. Izaskun Mujikaren ipuinak entzuten adi-adi izan ziren haur eta helduak. Txokolate-jan goxo batez ere gozatu zuten eta bukatzeko, dokumental bat izan zuten Alfredo Hoyuelosen eskutik: ¿Me grabas con la camara que quiero contar un cuento? Harrera beroa izan du kontzejuaren ekimen berritzaileak eta hemendik aurrera liburutegiaren helburuak betetzea espero dute: liburuak hartu eta utzi, literaturan barneratu eta bizilagunen arteko liburu-trukeak arrakasta izatea.

Larunbatetan zabalduko ditu ateak liburutegiak. 10:00etatik 11:00etara aukera izanen da liburu bat hartu eta hamabost egunez etxean izateko. Gero, itzuli edo berriz ere hamabost egunez luzatzeko aukera izanen da. Oraindik ere liburuak dohaintzan emateko aukera bada, eta horretarako liburutegiaren ordutegian eramaten ahalko dituzte bizilagunek liburuak. Etorkizunean norberaren liburu horiek berreskuratu ahal izateko izen-abizenak jartzea ere komenigarria da, nahiz, liburutegiko ordenagailuan ere gordetzen diren liburuak euren jabeen izenekin.

Eguberrietako egitarau oparoa
Aurten ere Ihabarren ez da aspertzeko astirik izanen eguberritan. Olentzeroren etorrera izanen da gabon gauean. Eta hortik aurrera egunero bada hitzordurik: filmak, ikastaroak, dokumentalak… izanen dira. Eta nola ez, Doneztebe eguna ere ospatuko dute herritarrek abenduaren 26an. Meza izanen da eguerdian eta herri-bazkaria antolatu dute gero. Dantzaldia ere izanen da arratsaldez eta haur txikiak dituzten gurasoek aukera izanen dute euren seme-alabak ludotekan utzi eta bazkarira joan ahal izateko.