Bihar-etzi inauteri ospakizunak nagusi izanen dira Ihabarren. Bihar, 11:00ak aldera, baserritarrez jantzitako gazteek puska-biltzea eginen dute herrian barna. Jasotako jakiekin biharko eta etziko bazkariak prestatuko dituzte. Ihote-segizioa osatuko duten herritarrek Gure Kabiya elkartean bazkalduko dute. Mahaitik jaso eta, 18:00ak aldera, moxorroak etxez-etxeko erronda hasiko dute. Haiekin topo egiten duenak zigor kolperik jaso nahi ez badu korrika ihes egin beharko du. Suko-hautsarekin, lokatzarekin edo dena delakoarekin zikintzeko ohitura badute ere. Erronda eta gero afaria eta dantzaldia izanen dituzte.
Inauteriko bigarren eguneko ospakizunak bazkari ederrarekin hasiko dute ihabardarrek. Urtean behin bisitatzen dute Ihabar Aitezarkoak, Landarrak eta Niniak. Eta familiarekin batera, hartza. Laurek, moxorroek eta txistulariek segizioa osatuko dute. Ibilbidea plazan bukatuko da. Epaiak Aitezarko sutan erretzera zigortuko du. Landarrak, espantuka, negar batean, hartuko du epaia. Gaizkiarenak egin ondoren, denendako otamena izanen da.