Imanol Irurtzun arbitroa Espainiako Futbol Federazioko 2.B mailara igo da, Madrilgo Talentuen Programan 3. mailako azterketak gainditu eta gero. Aipatzekoa da 3. Mailan arbitratzen duten 100 arbitro baino gehiagok egin dituztela aipatutako azterketa hauek eta Imanol Irurtzunek guztien artean nota onena lortu duela (252,55 puntu).
Aipatu probatan hainbat azterketa eta proba fisiko gainditu behar izan dituzte. Azterketetan, Jokoaren Araudia, Espainiako Futbol Federazioko Diziplina Kodea eta 4. Zenbakiko Zirkularra gaiei buruzko galderak erantzun behar izan dituzte, akten erredakzioko azterketa eta ingelesa eta psikologia azterketak barne. Eta proba fisikoen artean abiadura, erresistentzia eta bizkortasunari buruzko probak osatu behar izan dituzte. Aurkeztutako 100 hautagaietatik lehendabiziko 20ak 2.B mailara igotzea lortu dute, Imanol Irurtzun tartean.
28 urteko ihabardarrak puntuaziorik altuena lortu du. Komunikabide bati adierazi dioenez, “oso kontentu” dago. Nafarroako Arbitroen Komitean ere pozik daude Irurtzunek lortutakoagatik. “Gurea bezalako komite batendako Espainiar Estatuko onena izatea mundiala da. Lau arbitro ditugu 2.B mailan eta orain igoera hau lortu dugu. Oso garrantzitsua da guretako” adierazi dute.