Hamargarren urtez antzezlana prestatuko dute, agorrilaren akaberan jendaurrean jokatuko dutena
Joan den urtean bezala, 15 bat antzezle izanen ditu Ihabarko antzerki taldeak. Jon Barbarin Lisarriren esanetara jarriko dira hilaren 24tik aurrera eta bost astetan antzezlana prestatuko dute. Zuzendari eta aktoreek aurreneko harremana izan dute eta antzezlanaren nondik norakoak badakizkite.
Barbarinek azaldu digunez, aurten ere esketx segida batez osatutako antzezlana prestatuko dute. Oraingoan zinema izanen da haien lotura. Giuseppe Tornatoreren Cinema Paradiso filma inspirazio iturri izan dute. Hala, Ihabarko kale-antzokia herri bateko zinema txikia bihurtuko da. Proiekzioez gizon bat arduratuko da eta hari laguntzen haur bat izanen da.
Baina proiektorea matxuratu eta haurrak hura konpondu ondoren filma beharrean hainbat filmetako zatiak ikusgai izanen dira. Esketx horietan zinema mutuko garaietatik gaur egunera arteko pelikulen pasarteak ikusiko dira, zinemaren historia ihabardarra osatuz.
Hamar egun barru hasiko dira entseguak. Baina ez dute egutegi finkorik. Esketx bakoitzean bizpahiru aktorek parte hartzen dutenez, taldeka lan eginen du zuzendariak. Eta ondoren afariak heldu dira, haiena "antzerki gastronomiko-soziala" dela baitio Barbarinek. Hala prestatu dituzte Ihabarterra, Ihabar kabaret, On Kixote, Lisistrata, Uda gau bateko ametsa, Asamblea de Mujeres, Fuera de quicio, Peter Pan eta Una aventura en la basura antzezlanak.