Lau minututan garaipenak ihes egin zion Osasuna Magnari

Guaixe 2017ko aza. 6a, 12:21

Berdeak 2 eta 0 aurreratuta zeuden, baina erremontada ikusgarria eginez, Palma Futsalek 2 eta 3 irabaztea lortu zuen

Osasuna Magnak ongi ekin zion Palma Futsalen kontrako partidari. 2.600 ikuslerekin, sekulako giroa zegoen Anaitasunan. Markagailua alde, 3 puntuak Iruñan geldituko zirela zirudien, baina lau minututan Palma Futsalek buelta eman zion egoerari eta Osasuna Magnaren akats potoloak baliatuz, garaipena eta hiru puntuak irlara eraman zituen, talde nafarraren zorigaiztorako.

Lehen zatian ongi ibili ziren jokalari nafarrak. Berdeek serio jokatu zuten eta Palma Futsalen atera iristen hasi ziren. Dani Saldise ez jokatzekotan egon zen, eskuin hankan zituen arazoak tarteko, baina irurtzundarra kantxara atera zen eta ezinbesteko jokalaria izan zen, Osasuna Magnaren bi golak sartu baitzituen. Gauzak ongi zihoazen baina atsedenaldia iristear zirenean, 19. minutuan, Diego Franerok gola sartu eta 2 eta 1 gerturatu zen Palma Futsal. Horrek gasolina eman zien bisitariei eta bigarren zatia hasi eta berehala, 22. minutuan, berdeen akats bat aprobetxatuta bina berdindu zuen Palmak. Eta minutu bat beranduago, 23. minutuan, berriro ere beste akats bat probestuta markagailuan aurreratu zen Palma, 2 eta 3. Lau minutuko tartean, eta berdeen bi akats tarteko, partidari buelta eman zion Palma Futsalek.

Osasuna Magnak erantzun nahi izan zuen, baina ez zuen zortea alde izan. Araçak atezain jokalari bezala jokatu zituen azken bost minutuak, baina baloiak ez zuen kontrako atean sartu nahi izan eta 2 eta 3 galdu zuen Osasuna Magnak. Bigarren porrota izan du Osasuna Magnak jarraian, lehendabizikoa etxean eta porrot oso mingarria. Horretaz gain, Bynho lesionatu egin zen.

Palmaren erremontada ekarri zuten bi akatsak nabarmendu zituen Imanol Arregik. “Akats potoloak izan dira, eta akats horiek partida galtzea ekarri dute. Bestela, partidan parez pare aritu dira bi taldeak eta justuena berdinketa izango litzateke. Baina porrot honetatik ikasi beharko dugu” onartu zuen Arregik.

Hurrengo arerioa: Barcelona
Sailkapenean Movistar Inter da liderra (25 puntu), Barcelona bigarrenari puntu bat aterata (24 puntu). Osasuna Magna bosgarrena da (17 puntu). Ostiralean hain zuzen ere Barcelona Lassa talde ahaltsuaren kontra ariko da Osasuna Magna, 21:15ean, Bartzelonan. Azkenaldiko akats horiek konpontzeko lan egitea ezinbestekoa izango da Imanol Arregiren mutilendako, egoerari buelta eman eta atzera ere garaipenaren xendan jartzeko.