Ihabarko kontzeju-etxean egurreko berogailu bat zegoen. "Baina 40 urte baino gehiagotan ez da ibili. Hautsita ezagutu dut beti. Eta estufa elektrikoak erabili behar genituen". David Erbiti Irañeta kontzeju-buruaren azalpenak dira.
Gauzak aldatu egin dira: biomasako galdara berria dute, alderantzikatutako sugarra duen egurrezko gasifikazioko galdara. Ohiko egurrezko galdaren aldean sugarra alderantziz sortzean erreketa kontrolatua eta mailakatua lortzen da, keen sorrera gutxituz, egurra bakarrik alde batetik errez eta bere errendimendu maximoa lortuz.
Erbitik azaldu digunez, herriko basoko egurra erabiliko dute galdaran. Eta egur hori egiteko auzolanak deituko dituzte. Hala eginen ez balute kontzejuak egurra erosi beharko luke.
Beharra
Ihabardarrek udan auzolana egin zuten eta epaitza herrira ekarri ere. Baina egur hori galdaran erabiltzeko nahikoa lehor ez dagoenez, erosi behar izan dute.
Galdara berriak lau solairuko eraikina berotzen du: sotoan bajera dago; lehenengoan mediku kontsultategia eta liburutegia, bigarrenean artxiboa eta hiru gela eta ganboikoa hutsik dago. "Gure asmoa da, diru-laguntza badago, obra egitea eta berogailua solairuka pizteko aukera izatea. Orain denak batera berotzen baitira". 2.000 litroko ur biltegia arduratzen da guztia berotzeaz.
19.000 euro pasako inbertsioa izan da galdararena; Ihabarko Kontzejuak 13.000 euro jarri ditu eta gainontzeko 5.800 euroak Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bati esker lortu du.