Ihabarren ihoteetan egin beharreko aurreneko gauza puska biltzea da. Gazteek etxez etxeko eske erronda egiten dute larunbat goizean. Jasotakoarekin bazkaria eginen dute Gure Kabiya elkartean. Arratsaldean, 18:00ak aldera, mahaitik jaso eta ihabardarrak moxorro bihurtuko dira. Horretarako jantzi txuriak eta txanoa jantziko dituzte, guztiak koloretako zintaz apainduta. Moxorro bihurtuta etxez etxeko erronda izanen da. Baina eskutan erratzak izanen dituzte moxorroek eta haiekin jendea lokatzez, suko hautsekin edo dena delakoarekin zikintzeko prest izanen dira. Gauean herriko bajerak afaria hartuko du, hartara herritarrak mozorrotuta joanen dira, eguna despeditzeko dantzaldia izanen da.
Majo bazkaldu ondoren, familiaren pasadizoa berrituko da igandean. Aitezarko eta Landarra agertuko dira herrian. Azken horrek besoetan Ninia izanen du (zapi batean bildutako egur puska). Hirukotea moxorroak eta hartz izugarri bat aldamenean dituztela ibiliko dira herrian barna, txistulariak lagun dituztela. Ibilbidean barna Landarra oihuka eta negar batean erreguka ariko da Aitezarko zigortu ez dezaten eskatzen. Baina behin plazan, epaileak sutara zigortuko du Aitezarko eta hura izanen da bere azkena. Ondoren zortzikoa dantzatuko dute. Otamenarekin despedituko da ihotea.