Despeditu dituzte kontzeju-etxeko lanak

Guaixe 2019ko api. 18a, 14:12
Ihabarko kontzeju-etxera sarrera irisgarria egiteko arranpa egin dute.

Lehen solairuan prestatutako erabilera anitzeko gela Arakilgo Udalak antolatutako antzerki tailerrarekin mustu da.

Negua despeditzerako Ihabarko kontzeju-etxea guztiz irisgarria zen. Atea lurretik 95 cm-ra zegoen eta eskailerak igo behar ziren. Haiek kendu eta arranpa eta eskailera berriak egin dira pertsona guztiek sarbide erraza izan dezaten. Izan ere, beheko solairuan medikuaren kontsultategia, liburutegia eta artxiboa daude. Lehen solairuan erabilera anitzeko gela prestatu dute. Barruko paretak forratu dituzte eta tartean isolatzailea jarri dute. Aldi berean, lehen solairuko eta ganboikoko edo safeiko zoruak berritu eta isolatzailea jarri dute. Lan horiekin batera fatxadako leihoak aldatu dituzte. Horrek berogailuaren faktura txikitzea ekarriko du.

David Erbiti Irañeta kontzeju-buruak esan digunez, orain han erakusketak, tailerrak, ikus-entzunezkoen emanaldiak eta beste eginen dira. Kontzejuak, udalak edo herritarrek antolatutako saioak hartuko ditu gelak. “Igotzeko aulki elektriko bat jarri dugu eskaileretan. Beraz, edozein pertsona igo daiteke gora”. Lanek 66.811,37 euroko aurrekontua izan dute. Kontzejuak Cederna-Garalurren bidez Europako Landa Garapenerako Programako diru-laguntza jaso zuen.



Lan horren beste zati bat ordaintzeko Ihabarko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren Erabilera Askeko Funtseko dirua erabiliko du. Aurten kontzejuak 23.829,7 euro jasoko baititu foru administraziotik. Diru hori ere kontzeju-etxeko sotoan dagoen bajera intsonorizatzeko erabili dute. Festetan han afariak eta dantzaldiak izaten dira eta oihartzun handia sortzen zen. Hura kentzeko lanak dagoeneko eginak daude. Erbitik gaztigatu digunez, errematatzeko falta den bakarra atea aldatzea da. Toki Azpiegitura Planetik jasotakoarekin finantzatuko dute inbertsio hori. Lan horiek jasoko dituzte aurki eginen duten kontzejuaren aurrekontuan.