Antzerkia "zerbait magikoa" da

Guaixe 2019ko uzt. 19a, 14:23
'Amico's on the beach' ikuskizunaren une bat. AMICO TEATRO

Erriberriko Antzerki jaialdia hasiko da gaur, uztailaren 19, eta abuztuaren 3ra arte izanen da. Jon Barbarin Ihabarren bizi den antzerkigilea jaialdian izanen da, Amico konpainiarekin erresidentzia artistikoa egiteko hautatuak izan baitira

Antzerkiak nork bere burua ezagutzeko aukera ematen du. Adierazteko modu bat ere bada, baita jolas bat ere. Jon Barbarin antzerkigileak "pribilegio" bat dauka: gustatzen zaion ogibidean lan egiten du. Antzerkia gauza askotarako baliogarria dela esan du, baina, bereziki, jolasa da ihabartarrarendako. "Helduak garenean ahazten zaigu jolasaren kontu hori". Gutxik esan dezakete bere lana jolasa dela. "Txikitatik gustatu izan zait antzerkia. Oso argi neukan antzerkia egin nahi nuela". Lan tresna gorputza osoa da. "Zu zaren guztia ateratzen duzu. Zerbait magikoa da".

Jolas bat ez ezik, antzerkia "gauza askotarako oso baliogarria" dela ere esan du Barbarinek. Esaterako, taldean aritzeko. Hortaz, Ihabarren duela hamarkada bat baino gehiago sortu zuen antzerki taldeari "antzerki sozial gastronomikoa" deitzen dio. Antzerkia egin, elkartu eta afaldu egiten dute.

Erriberriko Antzerki jaialdia
Federico Garcia Lorca idazle andaluziarrak esan zuen gizartearen eta historiaren taupadak jasotzen ez duen antzerkia, ezin dela antzerkia deitu. Hitz horietan oinarritu da Luis F. Jimenez Erriberriko antzerki jaialdiaren arte zuzendariak aurtengo jaialdia antolatzeko orduan. Izan ere, Jimenezen iritziz, antzerkia entretenimendua baino zerbait gehiago da. Identitatea indartzeko tresna ere izan daiteke. Gaur hasiko da Nafarroako Antzerki jaialdi ezagunena, eta abuztuaren 3ra arte lan klasikoen eta garaikideen topagunea izanen da. Jon Barbarin bertan izanen da, egunero, erresidentzia artistikoan.

Barbarinek eta Txorik osatzen duten Amico konpainiak lortu du aurtengo Erriberriko jaialdiko erresidentzia egiteko aukera. Hortaz, jaialdiak irauten duen bitartean, "ikuskizun bat sortzeko espazio bat izango dugu". Laguntza ekonomikoa jasoko dute ere. Barbarinen lehenengo erresidentzia izango da; ez, ordea, Txorirena.

Amico izan zen konpainiaren lehenengo ikuskizuna; ondoren, Amico's on the beach ikuskizuna etorri zen, oraindik antzezten ari direna. Are gehiago, bi zita dituzte Sakanan: uztailaren 21ean, Irurtzungo festetan, 19:00etan, bi lagunen hondartzara egindako irteera barregarriaren istorioa kontatuko dute, Foru plazan. Sakanan egingo duten bigarren emanaldian uztailaren 27an izanen da, Etxarrenen. Erriberriko jaialdiko erresidentzian landuko duten ikuskizuna Amico's Planet izango da. "Ideiaren bat badugu, baina oraindik ez dugu ezer zehaztu". Pertsonen arteko harremanei buruz hitz egitea da ideietako bat.

Erriberriko erresidentzian zenbait diziplinatako jendearekin lan egingo dute: Jon Maya dantzariarekin, Dora Salazar artista altsasuarrarekin, Rakel Arbeloa perkusio jolearekin eta David Bernues argiteri teknikariarekin ariko dira. "Diziplina anitzeko zerbait dugu buruan". Mayaren Kukai dantza konpainia da aurtengo jaialdiaren gonbidatua.

Erriberriko jaialdiko erresidentzia Amico's Planet ikuskizunaren inguruan ikertzeko aukera emango die. " Laboratorio bat da, eta bertan ikertuko dugu eta materiala aterako dugu". Ikuskizunaren lehenengo "hazia" izango da. 2020ko lehenengo hilabeteetan mustu nahi dute ikuskizun berria eta "handiena". "Arlo ezezagun batean sartu gara. Guretako berria izango da". Aurreko ikuskizunak beste modu batera landu dituztela argitu du Barbarinek.