Imanol Irurtzun arbitroa 2. B mailara igo da

Guaixe 2019ko uzt. 25a, 15:08

Madrilen Espainiako Futbol Federazioko azterketa gogorrak gainditu eta gero, hurrengo denboraldian, 2019/2020 mailan, 2. B mailako arbitroa izango da ihabardarra

Imanol Irurtzun Artola arbitroa oso lanpetuta ibili da aurten. Bere lanaz gain –Correoseko postari lanetan dabil–, Nafarroako Futbol Federazioko arbitroa da eta 3. mailako partidak arbitratzen ibili da, eta 2. B mailara igo ahal izateko azterketa gogorrak prestatu behar izan ditu Madrilen, Espainiako Futbol Federazioan. Zorionez, egindako lanak fruitua eman du eta mailaz igo da Ihabarko arbitroa. Horrela, 2019/2020 denboraldian 2. B mailako arbitroa izanen da.

Pozik dago Imanol Irurtzun, baina guztiz lanpetuta jarraitzen du. Madrilgo bidea hartu zuen atzo, asteazkenean, Madrilen hiru egunez kontzentratuta egongo baita Espainiako Futbol Federazioan, trebakuntzan eta beste. Izan ere, irailerako, liga berriari ekiteko prest egongo baita.

Nafarroan arbitro izateko Nafarroako Futbol Federaziora edo Nafarroako Epaileen Elkargora jo behar da. Hara deitu, bizpahiru asteko formazioa jaso, azterketak egin, eta gaindituz gero Nafarroako Futbol Federazioko partidetan hasi daiteke epaitzen. Hasieran infantiletan, jubeniletan eta kategoria txikietan, eta hortik aurrera, azterketak eta probak gaindituz gero, mailez eta kategoriaz igo daiteke, 3. mailara igo arte. Aldiz, 3. mailatik gora igotzeko, 2. B mailara, Espainiako Futbol Federazioan egiten dira azterketak, Madrilen, eta proba horiek gogorrak izaten dira, oposizio txiki batzuk bezalakoak.

Prozesua
Aurretik, Imanol Irurtzun 2. B mailan aritu zen, estatu osoko 300 hautagai pasa artean nota altuena lortu eta gero. Horrela, 2017/2018 mailan 2. B mailara igo zen eta denboraldi horren bukaeran mailaz jaitsi zuten, 3. mailara. Izan ere, federazioko informatzaileak doaz partidetara, eta beraiek arbitroen partidak ebaluatu eta nota jartzen dute. Horrela, mailaz jaitsi eta gero 3. maila arbitratzen eman zuen aurreko denboraldia, 2018/2019 denboraldia. Eta hurrengo ikasturtean berriro 2. B mailara bueltatuko da.