Pilota

Amaia Jakak Emakume Masters Cupeko finala jokatuko du

Guaixe 2019ko aza. 29a, 09:30
Amaia Jaka, ezkerrean, Emakume Master Cup Lau T'erdiko finalerdietako partida baino lehen, Naroa Elizalderekin.

Ihabarkoak Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarra izango du aurkari bihar, larunbatean 17:00etan Otxandion jokatuko den promozio mailako pilota goxuko lau t’erdiko finalean

Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko Lau T’erdia azken txanpara iritsi da. Aurreko asteburuan finalerdiak jokatu ziren, eta promozio mailako pilota goxuko lau t’erdian Amaia Jakak Naroa Elizalde izan zuen aurkari Mañarian. Ihabarko pilotariak partida bikaina jokatu zuen eta 6 tantotan utzi zuen Elizalde. Pozik dagoela aitortu du Jakak eta larunbatean Otxandion jokatuko duen finala “zaila” izango dela aurreikusten du, Ruiz de Infante “pilotari bizia” delako. 

Emakume bakarra zela uste zuen
26 urte ditu Amaia Jakak. Pertsona Adinduak zaintzen dituen Eguneko Zentro batean egiten du lan eta pilotan entrenatzeko tartea ateratzea ez da erraza, baina gustura dabil Ihabarko pilotaria. Txikitan pilotan aritzen zen Irurtzun klubean, baina 14 urterekin utzi behar izan zuen. “Egia da mutilen kontra iristen dela momentu bat ezin garela lehiatu. 14 urterekin ere ez duzu asko ulertzen, esaten dizute jada ezin zarela lehiatu eta pilota utzi nuen. Pentsatzen nuen ni nintzela pilotan aritzen zen neska bakarra, ez bainuen neska gehiagorik ezagutzen. Eta orain ohartu naiz neska asko ginela, eta niri pasatu zitzaidana ere beraiei pasa zitzaiela. Urte asko daramatzagu jokatu gabe eta orain pozik nago, pilotan neska asko gaudelako, bakarra nintzela uste nuenean” adierazi digu Amaiak. 

12 urte ondoren itzuli da pilotara
14 urtetik ona ez da txapelketetan aritu, baina herriko frontoian lagunekin edo anaiarekin pilotan tarteka aritzen zen. “Beti jokatzen duzu zerbait, baina txapelketetan parte hartu gabe ia 12 urte egon naiz” gaineratu du. Emakumez Master Cup txapelketako antolatzaile Iker Amarikaren deia jaso arte. “Emakume Master Cup San Fermin Torneoa antolatu behar zutela esan zidan, eta ea bertan aritu nahi nuen. Zalantzak nituen, ikusi nuelako maila oso handia zegoela, eta horrenbeste urte jokatu gabe… baina azkenean animatu nintzen. Finalerdietako partida jokatu genuen Lizarran, irabazi eta Sanferminetako finalera sailkatu nintzen. Izugarria izan zen finalean zegoen giroa. Sanferminetan, Labrit goraino betea… oso polita izan zen egun hori. Final bat izan beharrean guretako opari edo espektakulu bat izan zen. Nik eta Maite Ruiz de Larramendik 21 eta 22 galdu genuen Agirreren eta Orbegozoren kontra, baina saria bertan egotea izan zen” gogoratu du Jakak. 

Ezkerrarekin mina egiten du Ihabarkoak
Pilotara bueltatzea, hori da udan erabaki behar izan zuena. “Azkenean Emakume Master Cup Lau T’erdian izena ematea erabaki nuen. Irurtzun Pilota Klubean federatu nintzen eta entrenatzen hasi nintzen. Batzuetan sufritu egiten dut, segurtasun falta dut horrenbeste urtez jokatu gabe egon naizelako eta hori nabaritu egiten dudalako, baina saiatzen naiz partidetan disfrutatzen” azaldu du Ihabarko pilotariak. Txapelketa azaroaren 3an hasi zen eta Uxue Azkonobieta izan zuen aurkari Beran. Jaka goitik behera nagusitu zen, 4 tantotan utzi baitzuen ataundarra. “Partida ongi joan zen. Uste dut ezkerrarekin min handia egiten dudala eta dohain hori oraindik ez dudala galdu. Berez eskuina naiz, baina pilotan hobeto moldatzen naiz ezkerrarekin. Ezkerrarekin segurtasun handiagoa daukat eta horrekin mina egiten dut” aitortu digu.  

Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketako promozio mailako pilota goxuko finalerdia larunbatean jokatu zuen Amaiak Naroa Elizalderen kontra, Mañarian. “Partida honetara beldurrarekin joan nintzen, badakidalako Naroak maila handia duela, eta ni baino indar gehiago. Uste nuen partida zaila izango zela. Baina Naroak ez zun bere egun onena izan. Niri guztia atera zitzaidan ongi eta berari, aldiz, ez. Baina beno, ni oso pozik finalera sailkatu izanagatik” adierazi du Amaia Jakak. 18 eta 6 irabazi zion Zubietakoari. 

Final konplikatua aurreikusten du
Final handia larunbatean jokatuko du Amaia Jakak Ainhoa Ruiz de Infanteren kontra, larunbatean Otxandion. Ruiz de Infante bertakoa da eta kantxa faktorea alde izango du. “Larunbatean jakingo dut ea kantxa faktoreak horrenbeste eragin duen (kar, kar...). Kontentu nago, ea frontoia betetzen den eta partida ona egiten dugun. Hori da garrantzitsuena” aipatu du Jakak. Ainhoa Ruiz de Infante ez du ezagutzen. “Finalerdietan ikusi nion pixka bat. Oso neska bizia dela ematen du, indarra baduela, eta banago partida zaila izango dudala aurretik. Ni nirera atera beharko naiz, nire dohainak aprobetxatzera” gaineratu du. 

Pilota goxuarekin dabil Amaia Jaka, baina pilota mistora salto egiteko oraindik ez dago prest. “Pilota mistoarekin jokatzea niretzat askoz politagoa da, baina urte asko daramatzat pilotan aritu gabe eta pilota mistoan aritzeko eskuak egin beharra dago. Salto hori ezin da bat batean eman. Momentuz eroso nago pilota goxuarekin. Akaso pilota mistoarekin entrenatzen hasiko naiz, baina txapelketetan oraindik goxuarekin ariko naiz. Pilota mistoarena beste salto bat da” nabarmendu du Jakak. 

Nafarroako Kluben Arteko Pala Txapelketa Irati Igoak irabazi duenaren berri izatean eta Irati Irigoien Nafarroako Taekwondo Txapelketako senior mailako txapelduna dela jakitean, poztu egin da Ihabarko pilotaria. “Pozten nau hori entzuteak. Neska kirolari asko gaude, naiz eta gutaz asko ez hitz egin, eta hortxe gaude, pixkanaka, gurea egiten”. 

Erlazionatuak