Pilota

Amaia Jaka: "Txapela lortzeak ilusio handia egin dit"

Maider Betelu Ganboa 2019ko abe. 13a, 12:33

Laboral Kutxa Emakume Master Cup Lau T’erdiko pilota goxuko promozio mailako finala irabazi zuen Ihabarko pilotariak, Ainhoa Ruiz de Infanteri 22 eta 8 irabazi eta gero

Txikitan pilotan ibili zen Amaia Jaka, Irurtzun Pilota Klubean, 14 urtera arte. Ordutik aurrera mutilekin ezin zen lehiatu, eta pilota utzi zuen. “Uste nuen pilotan ibiltzen nintzen emakume bakarra nintzela” aitortu zigun Ihabarko pilotariak. Ordutik pilota utzia zuen, baina joan zen urtean, Emakume Master Cup txapelketako antolatzaileetako baten, Iker Amarikaren, deia jaso zuen Ihabarko 26 urteko gazteak, eta San Ferminetako Torneoan parte hartzeko gonbitari baiezkoa erantzun zion. Horren ondotik, pilotara bueltatzea edo ez, erabaki hori hartu behar izan zuen eta, azkenean, Emakume Master Cup Lau T’erdiko Txapelketan izena ematea erabaki zuen, atzera ere Irurtzun Pilota Klubean federatu eta gero. Eta erabaki bikaina hartu du Ihabarko pilotariak, azaroaren 30ean Otxandion jokatutako pilota goxuko promozio mailako finala irabazi eta txapeldun handia baitugu Amaia Jaka. 

Jakak Otxandioko Ainhoa Ruiz de Infante izan zuen aurkari finalean. Final “zaila” aurreikusten zuen Ihabarkoak, Ruiz de Infante “oso pilotari bizia” iruditzen zitzaiolako. “Nirera atera beharko naiz, nire dohainak aprobetxatzera” aipatu zigun final bezperetan. Bere dohainen artean ezkerra dago. “Uste dut ezkerrarekin min handia egiten dudala eta dohain hori oraindik ez dudala galdu. Berez eskuina naiz, baina pilotan hobeto moldatzen naiz ezkerrarekin. Ezkerrarekin segurtasun handiagoa daukat eta horrekin min egiten dut” adierazi zuen finala jokatu baina lehen. Eta dohain hori primeran erabili zuen finalean. 

Ruiz de Infanteri guztiz gailendu zitzaion 
Otxandioko pilotalekua txiki geratu zen Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup promozio mailako finalaz gozatzeko. Sekulako giroa zegoen, 600 pilotazale inguru bildu ziren; gehienak, jakina, Ainhoa Ruiz de Infante herritarraren aldekoak ziren. Baina horrek ez zuen Amaia Jaka kikildu. Ruiz de Infantek ongi ekin zion partidari eta abantaila batzuk lortu zituen partidako lehen txanpan. Baina Ihabarko aurrelariak kantxan bere lekua aurkitu zuenean, berehala lortu zuen partidaren agintea. Zazpina berdindu zuen Jakak, eta hortik aurrera ez zuen inolako arazorik izan txapela janzteko. Sakandarrak postura guztiak maneiatzen dituela erakutsi zuen, tantoa amaitzen ere bikain asmatu zuen eta onenekin lehiatzeko moduan dagoela erakutsi zuen. Azkenean, 22 eta 8 irabazita, merezitako txapelduna da Amaia Jaka. 

Amaia Jaka: “Txapelak ilusio handia egin dit”
Zer moduz joan zen Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup promozioko finala?
Ongi. Ainhoa Ruiz de Infanteren kontra galtzen hasi nintzen, 7 eta 0. Sakeren bat egin zidan eta nik baten bat galdu nuen. Atseden hartu nuen, eta hortik aurrera ia zuzenean joan nintzen 22ra. Tantoak bukatzen asmatu nuen eta ez nuen pilotarik galdu. Azkenean, 22 eta 8 irabazi nuen. 

Merezitako txapelduna zara…
Egia esan, txapelak ilusio handia egin dit. Txapelketan izena eman nuen pilotarekin disfrutatzeko eta berriz ere txikitan izandako oroitzapenak gogorarazteko. Horrenbeste urte jokatu gabe egon eta gero, ez nuen uste finalera iritsiko nintzenik. Otxandioko frontoia beteta ikusteak eta pilota zale guztien aurrean jokatzea oso polita izan zen, eta ni horrekin geratzen naiz. 

Zein izango da parte hartuko duzun hurrengo pilota txapelketa?
Uste dut Binakakoa izango dela, Binakako Emakume Master Cup txapelketa. Entrenatzen jarraitu eta disfrutatu, hori da helburua.