Pilota

Binakako Emakume Master Cup: Amaia Jaka finalerdietan

Guaixe 2020ko mar. 7a, 10:10
Uux Larrea-Lierni Gartziarena eta Eneritz Arrieta-Amaia Jaka, larunbatean Pasai Antxon.

Eneritz Arrietarekin bikotea osatzen du Amaia Jaka ihabardarrak eta finalerdietarako sailkatu dira

Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketan, pilota goxuan, asteburuan final laurdenetako kanporaketak jokatu ziren Pasai Antxon. Pilota zale asko bildu ziren, egun pilotari onenak direnak ikusteko. Amaia Jaka pilotariak aurrera egitea lortu du eta finalerdietarako sailkatu da Ihabarko pilotaria. Eneritz Arrietarekin bikotea osatuta dabil txapelketan Amaia Jaka, eta Uxue Larreari eta Lierni Gartziarenari 18 eta 1 irabazi zieten partida oso azkarrean. Arrietak eta Jakak ez zuten inolako arazorik izan agintea hartu eta markagailuan aurrera egiteko. Eneritz Arrietaren kolpe handia nabarmentzekoa izan zen, bikoteak egindako defentsa sendoarekin eta tantoak bukatzerakoan izandako erraztasunarekin batera. 

Martxoaren 14an Elgoibarren Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketako finalerdiak jokatuko dira, eta Eneritz Arrietak eta Amaia Jakak Nagore eta Leire Galeano izango dituzte aurkari. Antzuolarrak behetik gora egin dute txapelketan eta arerio gogorrak izango dira Arrietarendako eta Jakarendako, baina hauek ere ez dira makalak. Hortaz, finalerdi estua aurreikusten da. Beste finalerdian, Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi Irantzu Etxebesteren eta Leire Etxanizen kontra ariko dira.