Amaia Jaka

“Frontoira bueltatzeak pozten nau gehien”

Maider Betelu Ganboa 2020ko eka. 5a, 13:13

Amaia Jaka, eskuinean, alboan Eneritz Arrieta duela. Argazkia: Emakume Master Cup.

 Ekainaren 26an Binakako Emakume Master Cup Txapelketako finalerdia jokatuko du Amaia Jakak Eneritz Arrietarekin, Galeano ahizpen kontra, pilota goxuan. COVID-19 osasun krisiaren ondorengo eskuzko pilotako lehen jaialdia izanen da, ateak itxita jokatuko dena

 

COVID-19 birusak sortutako osasun krisiak eragindako geldialdiaren ondoren eskuzko pilota bueltan da. Kantxetara bueltatzen lehenak emakumeak izango dira. Hain zuzen ere, ekainaren 26an Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketako Pilota Goxuko finalerdiak jokatuko dira Elgoibarren, eta Amaia Jaka ihabardarrak eta Eneritz Arrietak Nagore eta Leire Galeano ahizpak izanen dituzte aurkari. Partida gogorra izango dela aurreikusten du Ihabarko pilotariak, baina frontoira itzultzeko gogotsu dago. Amaia Jakak Emakume Master Cup Lau eta Erdiko Pilota Goxuko finala irabazi zuen azaroaren 30ean Otxandion, eta Binakako finalerako sailkatzea denboraldia borobiltzeko aukera paregabea litzateke. 

COVID-19 birusak guztia geldiarazi ondoren, eskuzko modalitatean kantxara bueltatuko zareten lehenak emakumezkoak zarete. Normalean azkenak izatera ohituta zaudete eta aldaketarik ezean frontoira bueltatzen lehenak izango zarete...
Bai, oraingoan hala dirudi (kar, kar…). Binakako Emakume Master Cup Txapelketako Pilota Goxuko finalerdiak martxoaren 14an jokatzekoak ginen, Elgoibarren, birusarengatik guztia gelditu zenean. Eta orain albistea da finalerdi horiek ekainaren 26an jokatuko ditugula, Elgoibarren. Finalerdiak ETB1en ikusi ahalko direla ere jakin dugu.

Eneritz Arrietarekin osatzen duzu bikotea. Final laurdenetan Uxue Larrea eta Lierni Gartziarena utzi zenituzten bidean (18 eta 1) eta faboritoen artean zaudete. Baina geldialdi honekin nola zaudete? Nola entrenatu duzue?
Hasieran arraroa izan zen egoera, ez frontoi faltagatik, batez ere gorputza etxe barruan erabat aldatzen delako. Nik zortea izan dut Ihabarren lorategi nahiko handia daukadalako eta azkenean ez naiz gelditu. Anaiarekin ariketak egin ditugu, spinning bizikleta ere badugu eta kirola egiteari ez diot utzi. Bi aste daramatzat Ihabarko frontoira joaten. Alde horretatik ongi eraman dut konfinamendua, ez dut arazorik izan kirola egiteko. Bai eskuak egiteko, baina uste dut hemendik aurrera poliki-poliki eskuak egiten joango garela.

Etxeko entrenamenduak mantenu lana dira gehienbat; frontoiko entrenamendu falta nabarituko duzue. 
Bai, azkenean nabaritzen da. Frontoian ibili gabe egon eta gero, bertan lanean hasi eta bat-batean mugimendu horiek nahiko gogorrak egiten zaizkizu; izan ere, horrek ez du zerikusirik lorategian ariketak egitearekin. Gutxienez fisikoki mantentzea, hori zen asmoa konfinamenduan. Orain kakotxen artean “normaltasuna” bueltatu denez, pixkanaka, pazientziarekin, gora egitea da asmoa.

Eneritz Arrieta gipuzkoarra da. Noiz entrenatuko duzue elkarrekin?
Ba nik uste dut elkar ikusiko dugun lehenengo eguna finalerdietakoa izango dela (kar, kar…). Kontua ez da horrenbeste Eneritzekin entrenatzeko aukera ez izatea, baizik eta pilotariren batekin entrenatu ahal izatea. Ez da berdina bakarrik edo anaiarekin pixka bat entrenatzea edo bi biko elkarren artean entrenatzea. Azkenean entrenamenduak bakarka egin ditugu eta nik uste hori jokoan nabarituko dela.

Astelehenean 3. fasean sartuz gero beste biko batekin entrenatzeko aukera izango duzue? 
Momentuz ez ditugu entrenamenduak antolatu, ea zer dioten eta aukera baldin badugu nik uste dut entrenamendu serio bat egin beharko genukeela gutxienez nafar pilotariek. Ikusiko dugu.

Nafarroako Pilota Federaziotik berririk jaso al duzue?
Federaziotik momentuz ezer ez. Dakigun bakarra da frontoi libreetan aritzeko aukera dugula eta nahiko, gutxi gehiago.

COVID-19 antzemateko testa egin beharko duzue? Hartu beharreko segurtasun neurriez informaziorik eman al dizuete?
Ateak itxita jokatuko dugula esan digute, ikuslerik gabe, eta beraiek jarriko dituztela beharrezko neurri guztiak. Hori da esan digutena. Neurri horiek zehazki zeintzuk diren oraindik ez dakigu, guztia antolatzen dabiltzalako, baina segurtasuna bermatuko zutela ziurtatu ziguten; alde horretatik lasai nago, egia esan.

Publikorik gabe jokatzea arraroa izango da, ez? Orain arteko Emakumezkoen Master Cup Txapelketak oso jendetsuak izan dira, jende asko joan da zuek animatzera...
Bai, egia esan, giro bikaina egon da frontoietan. Alde horretatik desberdina izango da. Pilotazaleak frontoian badaude, horrek bizitasun hori ematen dizu, baina holaxe jokatu beharko da, jenderik gabe, eta gustura, egoera honetan ezin delako gehiago eskatu. Ea guztia zer moduz doan. Disfrutatzera aterako gara; partida bat jokatu gabe horrenbeste denbora egon ondoren, uste dut ongi pasako dudala.

Nagore eta Leire Galeano ahizpa antzuolarrak dituzue arerio. Nola aurreikusten dituzu finalerdiak?
Gazteagoak dira, egun batean lanean ikusi nituen eta oso biziak iruditu zitzaizkidan. Partida gogorra dugu aurretik, nik uste. Badakit atzelaria ezkertia dela eta hori arraroa egingo zaidala; partida gogorra aurreikusten dut.

Zuk ere min asko egiten duzu ezkerrarekin eta lehia polita izango da. Ahizpak izanda akaso asko entrenatuko dute;  horrek abantaila emango diela uste al duzu?
Azkenean guztiak eragina dauka, eta ziur nago duten harreman hori nabarituko dela. Baina bakoitzak bere egoera bizi izan du konfinamenduan. Nik zortea izan dut entrenatzeko espazio zabala izan dudalako, eta ziurrenik beste askok euren pisutik ezin izan dutela atera eta beste askok arlo fisikoa lantzeko ere zailtasunak izango zituztela. Hau da, nik uste dut guztiak antzeko gaudela, batzuk gauza batzuekin eta besteak beste batzuekin. Dagoenera egokitu beharko dugu.

Ekainaren 26ra bitartean zein da helburua? Ahalik eta gehien entrenatzea, finalerdiak behar bezala prestatzeko?
Bai, entrenatzea. Frontoian ibiltzeko asmoa dut.

Frontoietan bizia dago, hori da garrantzitsuena. 
Bai, hori da; ea gutxinaka berriro hasten garen.

Zorte on!
Eskerrik asko!